Hileko artxiboak: iraila 2007

Haritz eta Kezka Lasturren

Pasa den asteburuan ospatu
dira Debako Lastur auzoko jaiak. San Nikolas jaiak ospatzen dituzte
Lasturren eta Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka dantza taldeek emanaldia eskaini genuen bertan larunbatean, hilaren 15ean.2007-09-15_Kezka-Haritz-Lastur_IZ_1902

Arrateko Amaren
ezpata-dantza
eta Gipuzkoako eta Bizkaiko dantzekin osatu genuen
20:00tan hasi eta ordubete pasa iraun zuen emanaldiak. Txistulariak
Elgoibarko Udalaren bandakoak eta Kezka dantza taldekoak aritu ziren.
Beraiekin batera Oihane eta Eneritz trikitilariak ere izan ziren
hainbat pieza jotzen.

Hona hemen Lasturko emanaldiko argazki sorta bat

Arrateko dantzak La Mercè-n

Asteburu honetan ospatuko dira La Mercè-ko jaiak Bartzelonan eta
Eibarko Kezka eta Elgoibarko Haritz taldeetako dantzariok bertara joango gara
Bartzelonako Euskal Etxeak gonbidaturik bertan antolatutako jaialdian parte
hartzera.

La Mercè-ko jaiak Bartzelona hiriko jaiak dira. Egun handia irailaren
24a dute, La Mercè eguna, baina jaiak ostiralean hasi eta astelehenera bitarte
iraungo dute.

Hasteko larunbatean izango dugu hitzordua. Egun horretan bertan
kalejiran abiatuko gara arratsaldeko 19:00etatik aurrera Rambla Raval-en hasi
eta bertan bukatu arte. Bartzelonako erdigunetik ibiliko gara kalejiran eta
besteak beste Sant Jaume plaza eta Katedrala bera ere igaroko dugu.2006-09-11_Arrate_JUL_102

Igandean egingo dugu dantza emanaldi nagusia Rambla Raval-en. Egun
horretan bertan, besteak beste, Arrateko Amaren ezpata-dantza, eta Gipuzkoako
eta Bizkaiko dantzakin osatutako emanaldia eskainiko dugu Kezka eta Haritzek,
Elgoibarko Udalaren eta Kezkako txistulariak, eta Oihane eta Eneritz
trikitilariak lagunduta.

“Euskal Herria a la Mercé” izenburupean, Euskal Herria eta
Katalunia batuko dituen jaia prestatu du hango Euskal Etxeak. Dantzaz aparte
euskal musika, antzerkia, gastronomia, artisautza eta abar ikusteko parada
izango da.

Hona hemen programazio osoa eta hainbat lotura interesgarri ere:
Euskal Etxearen web orria
Programa osoa
Programaren kartela

Arrateko dantzak aurten asteburuan

Arrate eguna aurten asteburuan, larunbatean, egokitu denez beste urte
batzuetan lan eta azterketa eginbeharren ondorioz Arrateko emanaldian
parte hartzerik izan ez duten guztiak bilduko dira ezpata-dantzan.
Guztira 44 dantzari ari gara ensaioetan, eta horietako bat min hartuta
dagoenez eta azken ordurako zalantza izango denez, 43-44 dantzari
espero ditugu ezpata-dantzarako. Ezpata-dantzari gehienak Kezka dantza taldeko dantzari eta
dantzari-ohiak dira, baina aurreko urteetan gonbidatu berezi bezala
parte hartu duten kanpoko (Donostia, Beasain, Andoain eta Elgoibarkoak)
zenbait dantzarik ere konfirmatu du Arraten izango direla larunbatean.2006-09-08_Arrate_AU 217

Aurten hiru gonbidatu berezi

2005eko estreinaldian Arrateko Amaren dantzarien kofradia sortu zuten
dantza saioan parte hartu zuten dantzariek. Kofradia horretako kideak
dira Arraten irailaren 8an dantza egiten dutenak eta urtero Eibartik
kanpoko zenbait dantzari gonbidatuko ditu kofradiak emanaldian parte
hartu eta Arrateko Amaren dantzarien kofradiako ohorezko kide izatera.
2006-09-11_Arrate_JUL_178
Aurten Donostiako hiru dantzari dira Arrateko Amaren kofradiaren
gonbidapena jaso dutenak. Eibarko dantzarien ibilbidean ezinbesteko
laguntza eskaini dute Donostiako Argia dantzari taldeko eta Añorgako
Arkaitz dantza taldeko dantzari eta dantza-maisu horiek, haiekin ikasi
dituzte gaur egun egiten dituzten dantza asko eta dantzari bikainak
direla erakutsi dute hainbat urtetan han eta hemen egindako
emanaldietan. Hauek dira aurten Arrateko dantzetarako gonbidatu
bereziak: Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Jokin
Otamendi. Fernando min hartuta dago eta ez dirudi aurten dantza egiteko
moduan izango denik. Aurten ez bada beste urteren batean espero dugu
etorriko dela Arratera. Gonbidatuak protagonista izango dira
ezpata-dantzan, beraiek
beteko baitituzte bakarlari lanak eta zelaian egingo diren
trokeo-dantzetan buruzagi zortzikoak egingo dituzte.

Arrateko Amaren dantzak – ordutegia

Irailaren 8an, larunbatean, Arraten
11.00etan Arrateko Santutegian, Meza Nagusian, ezpata-dantza.
12.00etan prozesio bukaera elizaren atarian ezpata-dantza.
12.30etan zelaian:

  • Arrateko Amaren ezpata-dantza
  • Arrateko Amaren trokeo-dantzak:
    • Makila txikien dantza
    • Makila handien dantza
    • Brokel-dantza

Irailaren 9an, igandea, Arraten
11.00etan Arrateko Santutegian, Meza Nagusian, ezpata-dantza.
Ondoren, prozesio bukaeran, elizaren atarian, Arrateko ezpata-dantza.