Urtero legez aurten ere Azurtzan izan gara Kezka dantza taldekoak soka-dantza egiten. Santiago egunez izan ohi da soka-dantza Azurtzan, hala ere, aurten uztailaren 25a lan eguna izanik hurrengo igandean, hilaren 29an egin genuen dantza.
Soka gidatzen Josu Garate ibili zen eta atzeskulari aldiz Oier Araolaza. Sokan zerbitzari Unai Agirrek eta Oier Ibarbiak jardun zuten. Auzotarrak izan ziren soka osatu eta elkarri eskua emanez gurekin batera dantzan aritu zirenak.
Giro ederra egiten zuen Goimendiko paraje ikusgarri haietan eta Andoni Altzibar Kezkako txistulariaren Agurra eta Desafio doinuekin eta Epelde eta Lutxurdixo trikitilarien fandango eta arin-arinarekin burutu genuen soka-dantza.
Hona hemen Ainhoa Larrañagak atera zituen soka-dantzako argazki sorta eder bat: