Hileko artxiboak: ekaina 2007

Bai bizi, bai bizi, eta biziko ere!

Aurten bai, aurten eguraldia lagun joan zen aurrera Eibarko
Dantzari Eguna. Kezka Dantza Eskolako ikasleentzat kurtso bukaerako
jaialdi nagusia izaten da emanaldi hau, eta Kezka dantza taldeko
dantzarientzat urtean zehar prestatutako errepertorio nagusia
jendaurrean aurkezteko data. Aurten Lapurdiko inauteriak eskaini ditu
nagusien taldeak. Kaskaroten martxa, makila-txikien dantza, Agur
Eztebe
, dantza-luze eta Betti Beteluk prestatu zuen fandangoa.2007-06-15_Dantzari-eguna_FL_5210

Kezka Dantza Eskolako ikasleentzat ikasturte bukaerako emanaldia izaten
da Eibarko Dantzari Eguna. Urtean zehar ikasitako dantzak aurkeztu eta
dantzatzen dituzte egun horretan. Dantzen doinuak jartzen Kezka dantza
taldeko txistulariak, Jainaga eta Narbaiza trikitilariak, eta Marisol
Arrillagak gidatuta Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako soinu eta
kitarra talde bat aritu ziren. Hauxe da 2007ko ekainaren 15ean Untzaga
Plazan eskainitako emanaldiaren egitaraua:  
      

Felipe Loyolak, Fernando Retolazak eta Iñaki Zugastik ateratako argazki sorta ederra dago flickren.

Ekaineko protokoloak

Klub Deportiboko Finalista Eguna ospatu zen Arraten ekainaren 3an.
Mendiko finalistei dominak banatzen zaizkie ekitaldi nagusian. Enrike
Izagirreri tokatu zitzaion agurra dantzatuz mendizaleak omentzea.
Kezkako Andoni Altzibar eta Iñaki Barua txistulariak aritu ziren jotzen.

Ekainaren
8an eman zitzaion hasiera urtero moduan Euskal Bizikleta lasterketa
ospetsuari. Eibarko Untzaga plazatik abiatu zen lehenengo etapa eta
ohorezko zinta moztu baino lehenago agurra dantzatu zuen Ander
Fernandezek. Orain urte batzuk arte txirrindulariei dantzatzen zitzaien
agurra. Azken urteotan antolatzaileak, agintariak eta omenduren bat
jarri ohi da zinta eta txirrindularien aurrean eta haiei begira
dantzatzen da. Aurten Felix Elkoro Udaleko zerbitzu buru ohia omendu
da. Usartza txistulari bandako, Elena Pérez Sarasketa, Javier Zorrakin,
Jose Luis Pérez Sarasketa eta Iñaki Orbegozo aritu ziren agurra 
jotzen.2007-06-08_Euskal-Bizikleta-hasiera_AU_9236

Ekainaren 8an hasi eta 10ean Arrateko gainean bukatu zen
aurtengo Euskal Bizikleta. Tino Zaballa, Caisse d´Epargne taldeko
txirrindularia izan da aurtengo garailea eta Zuhaitz Elejaldek dantzatu
zion merezitako agurra. Txistulariak Kezkako Andoni Altzibar eta Iñaki
Barua aritu ziren.

Azkenik ekainaren 13an, Eibarko Armeria
Eskolako kurtso bukaerako ekitaldia izan zen eta Luken Aranburu,
Kezkako dantzariak dantzatu zien agurra hango ikasleei Felix Elortza eta Iñaki Baruaren
txistu eta atabalaren doinupean.

Hiru baserri asteburu bakarrean

Urteak pasa daitezke El Caserio zarzuela batean dantza egitea egokitu
gabe eta hara asteburu bakarrean hiru tokatu zaizkigu! Bat Eibarren,
Coliseo antzokian eta bi Malagan, Teatro Cervantes-en.

El Caserio Eibarren

Bilboko Ensanche abesbatzak ekarri du Jesus Guridiren zarzuela famatua
Eibarko Coliseo antzokira.

2007-06-08_El-Caserio-Eibar_AU_9307

Ekainaren 8an, ostiral iluntzean izan da.
Ana Begoña Hernández, Andeka Gorrotxategi eta Izaskun
Kintana abeslariak aritu dira Mario Kintana pianojoleak lagunduta. Ohi
bezala prozesio ostean iritsi ziren dantzak. Malen Ulazia, Josu Garate,
Iraia San Ildefonso, Aiert Ibarbia, Eneritz Ganboa, Oier Ibarbia,
Ainhoa Lendinez eta Ekhi Zugasti aritu ziren dantzan. Musikariak Andoni
Altzibar, Roberto Altzerreka eta Iñaki Barua txistulariak eta Aintzane
eta Ander Agirrebeña trikitilariak izan ziren. Dantzari-dantzako zati
batzuk
eta Arratiako jotak eskaini zituzten.

El Caserio Malagan

Argia dantzari taldearen eta Bilboko Arriaga Antzokiaren eskutik
joan gara Malagara Teatro Cervantes ederrean El Caserio zarzuelan dantza egitera.

2007-06-10_Malaga-ElCaserio 030

Goi mailako
produkzioa izan da, puntako abeslari eta aktoreekin osatutakoa. Besteak
beste Jon Plazaola eta Mikeldi Atxalandabaso tenoreak, Rocío Ignacio
sopranoa eta Juan Jesús Rodriguez baritonoa abeslari lanetan, eta Loli
Astoreka
eta Lander Iglesias aktore lanetan. Malagako Orkesta
filarmonikoa Juan de Udaetak zuzendu du, Malagako Opera abesbatza
Francisco Herediak gidatu du eta eszena zuzendaria Maribel Belastegi
izan da.


Enrike Izagirre, Irati Kortabitarte, Zuriñe Torre eta Oier Araolaza

ibili dira dantzari lanetan eta txistulari Andoni Urbieta Elgoibarko
Udalaren taldekoa. Prozesioaren ondoren binangoa, aurreskua eta galaien
esku-dantza dantzatu ditugu.

Ekainaren 7an iritsi ginen Malagara, ensaio orokorrean gure parte
hartzea txertatu eta ekainaren 9an eta 10ean, larunbatean eta igandean,
izan dira emanaldiak beteta zegoen antzokian. Malaga bera eta
inguruko hondartzak ezagutzeko tartea izan dugu, bertako Corpus prozesioan “Los seises” ikusteko aukera izan dugu eta baita ikuskizunean
parte hartzen zuten aktore eta abeslariekin primeran pasatzeko ere.

Makila bat mesedez!

Asteburu bakarrean apurtutako makila kopurua ez zen makala izan.
Larunbatean elgoibartarrek hautsi zituzten hiruzpalau, baina igandean
Cortes-ekoek ezpelezko makilak (nork zioen ezpelezkoa ez direla
apurtzen??) hausten hasi zirenean ez zen hura geratzerik izan.
Portugaldarren makilak besteonak halako bi ziren lodieran, eta beharko,
ematen zizkioten kolpeekin gureak txotxak bailian apurtuko
baitzituzten. Eta okerrena da beraienak apurtzen  hasi zirenean
gureak eskatu zizkigutela eta orduan bai gertatu zela makila-salda. 2007-05-20_Makila-dantzak-Eibar_FR_0205


Larunbat arratsaldekoa

Maiatzaren 19an eta 20an izan genuen Eibarren nazioarteko
makila-dantzen jaialdia 42. Euskal Jaiaren barruan. Larunbatean, zerura
begira (bai nobedadea) altxatu ginen eta afalordurarte horrela ibili
ginez, lepoko minez, baina lehor. Bost talderen emanaldia izan genuen
Untzaga plazan larunbat arratsaldean.

Hasteko Nafarroako Cortes herriko Yona taldeak bere herriko
makila-dantzak eskaini zituen, jota eta bals erritmora egiten
dituztenak. San Asensioko danzanteak aritu ziren ondoren. San Asensioko
trokeo-dantza osatzen duten hainbat pieza eskaini zituzten beren
herriko gaiteroen doinura: Contradanza, El de frente, El brinco, El
enredujo, El del culo, El de los cuatro, Ligero eta bukatzeko
Castillo.. Ondoren, Elgoibarko Haritz dantzari taldeak Gipuzkoako
makila txikien dantza egin zuen. Neska eta mutilez osatutako 12ko talde
bana
aurkeztu zuen Untzaga plazan Haritz dantzari taldeak, eta
buruzagien zortzikoaren ondoren zortziko 40 muriska eta makila txikien
jokoa egin zituzten.


Otsagabiako dantzariak
plazaratu ziren segidan, eta bobo-ak gidatuta
eta Iruñeko Gaiteroek lagunduta honako piezak eskaini zituzten:
Emperador, Katxutxa, Modorro, Pañuelo-danza eta Jota. Eibarko Kezka
dantza taldearen emanaldiaren borobildu zen larunbat arratsaldeko
jaialdia. Arrateko trokeo-dantzatik makila txikien dantza eskaini zuen
Kezka dantza taldeak. 2007-05-19-Makila-dantzak-Eibar-FL_3791

Zeruak itxura txarra izan zuen arratsalde osoan baina errespetuz eutsi
zion urari dantzak bukatu artean. Afaltzera jarri ginenean hasi zen
trumoi, tximista eta euri festa.


Igande euritsua

Larunbata bukatu bezala hasi zen igandea. Euripean. 10.30etan harrera
ekitaldia egin zen Udaletxean. Mari Jose Telleria kultura zinegotziak
ongi etorria eman zien talde guztiei eta liburu sorta bat oparitu zien.
Udaletxeko batzar nagusian bertan geundela hasi zen euria eta ez zuen
bakerik eman egun osoan. Emanaldia plazan egiteko baldintzarik ez zela
ikusita Coliseo antzokira eraman genuen jaialdia. 12.00etan aterrune
bat baliatuz Coliseo bertatik atera eta untzagaraino buelta eginez
kalejira egin genuen, baina ia korrika itzuli behar izan ginen euritik
ihesi. 2007-05-20_Makila-dantzak-Eibar_FR_0345

Coliseoko ate aurrean ikusleak pilatzen ari ziren eta ateak ireki
zirenean zalantza genuen denok kabituko ote ginen. Justu-justuan baina
eserleku (eta eskilara batzuk) beteta ikusle guztiak sartu ahal izan
ziren antzokian. Kanpoko giro eskasaren aurrean antzoki barruan giroa
berehala berotu zen makila hotsak eta esku zartak hasi zirenean.

Kezka dantza taldeko eta dantza eskolako dantzariok eman genion hasiera
jaialdiari. Abaltzisketa eta Lizartzako inauteri-dantzak egin genituen.
Eszenatokian kabitzeko arazoekin eta lekuz kanpo urduri samar aritu
ginen. Egin ditugu emanaldi hobeak… Ondoren Castello-ko Asoc. El
Todó-Danses Guerreres
de la Todolella taldea aritu zen, eta
makila-dantza bat, brokel-dantza bat eta ezpata-dantza eder bat eskaini
zuen. Cortes-eko taldea berriz ere makilak hausten hasi zen eta
ikusleak berotu zituen dantzatzeko erakutsi zuten grinarekin.


Terrasako bastoners
-ek bi talde jarri zituen eszenatoki gainean. Bi
taldeen arteko toki-aldaketa eta makila-joko ederrak egin zituzten eta
Kataluniako ball de bastonsaren erakusgarri eder bat ekarri zuten
Eibarrera. Segidan, 12 dantzarik osatutako talde serio eta ederra
aurkeztu zuen Antzuolako Oin Arin-ek. Mairuaren alardean egin ohi duten
trokeo-dantzatik makila txikien dantza egin zuten. 2007-05-20_Makila-dantzak-Eibar-FL_3907

Portugalgo “Pauliteiros de Miranda do Douro” taldea gaita eta
danborraren doinura sartu zen eszenatokira. Hasi zen dantza eta hura
makila festa. Kolpeak hil ala bizi emateaz gain, dantzarako jarrera
kementsu bezain naturala erakutsi zuten. Giza-dorreak egin eta dorreen
gainera egin zituzten jauzi ikusgarri eta itzulipurdiekin borobildu
zuten emanaldia. 2007-05-20_Makila-dantzak-Eibar-FL_3981

Uztaritzeko Izartxo dantza taldeak hartu zuen eszenatokia segidan.
Inauteri txaranga ederrak lagunduta Errobiko kaskaroten dantzak egin
zituzten. The Britannia Coco-nut Dancers of Bacup-ek bi arku-dantza
(garlands) eta koko azalen dantza ederra eskaini zuen. Aipatzekoa da 71
urteko gizona zela coconuters-en taldean dantzan. Gasteizko Indarra
dantza taldeak borobildu zuen emanaldia. Paloteados de Pipaón y
Villabuena aurkeztu zituen Indarrak, eta hauen emanaldiaren bukatu zen
makila-dantzen nazioarteko jaialdiaren azken emanaldia.

Untzagako karpan jarraitu zuen jaiak. Bazkaria eta bazkalostean Patxi
eta Konpainiarekin dantza eta dantza gozatu baikenuen denok.

Argazkiak:

Euskaltzaindia eta ezpata-dantza

Mikel Zalbidek Euskaltzaindiarako sarrera hitzaldia irakurri zuen joan
den larunbatean, ekainaren 2an Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren
egoitza nagusian. Ekitaldi hasieran ezpata-dantza egin genuen.
Elgoibarko Haritz, Añorgako Arkaitz, Debako Gure-Kai eta Eibarko Kezka
dantza taldeko dantzariekin osatu genuen taldea. Eibarko Usartza
txistulari taldeak jarri zuen musika.2007-06-02_Donostia-Ezpata-dantza-IZ_211

Euria zela eta Diputazioko arkupeetan egin genuen ezpata-dantza.
Iriarenaren doinuarekin atera zen taldea Diputaziotik eta Mikel
Zalbide, euskaltzain osoak eta erakundeetako ordezkariak zeuden tokira
hurbildu zen taldea. Haien aurrean ezpata-dantza dantzatu eta Berako
alkate soinuarekin ate nagusiruntz hurbiltzen hasi ginen. Korrika saio
azkarra
eta zubia egin ondoren azpitik pasata sartu ziren Foru
Aldundira euskaltzainak.

Argazki gehiago ikusteko egin klik hemen