Egun
batzuk pasa dira baina oraindik bizi-bizi ditugu Southmaptonera egindako
bidaiak piztu dizkigun sentsazioak.
Kezka dantza taldeko lau dantzari eta Elgoibarko Udalaren taldeko bi txistulari Southampton-en izan dira
bertako Basque Children of ´37 elkarteak antolatutako omenaldi
ekitaldian.
Southampton-eko “Solent University” izena daraman
unibertsitatean izan ziren ekitaldi guztiak. Han elkartu ziren bai Ingalaterran
bertan bizitzen geratu ziren “umeak” beraien senitartekoekin batera
eta baita Euskal Herrira bueltatutakoak ere.
Omenaldia larunbatean, hilaren 26an izan zen. Goizeko 12:30ak pasata hasi eta
arratsalde-gauerarte iraun zuten ekitaldiek. Tartean politikarien diskurtsoak,
gerrako umeen dokumentalaren emanaldia eta Kezka dantza taldearen aktuazioa ere
bai. Politikarien artean, Eusko Jaurlaritzaren izenean Miren Azkarate Kultura
sailburua izan zen bertan, baita Espainiako enbaxadorea ere eta azkenik
Ingalaterrako parlamentuko partidu kontserbadoreko bi ordezkari ere.
Esan
bezala, goizeko 12:30etan eman zitzaien hasiera ekitaldiei. Unibertsitateko
areto nagusian bildutako “umeek” beraien omenez egindako plakaren
inaugurazioa ikusteko aukera izan zuten. Kezkako Aiert Ibarbia dantzariak,
Elgoibarko Udal txistulari bandako Eneko Lasuen eta Andoni Urbieta txistularien
laguntzaz, inauguratu zuen plaka agurra dantzatuz. Plaka inauguratu ostean
unibertsitate kanpokaldean dagoen parkean jarraitu zuten ekitaldiek. Parkean
bertan atera zuten hara joandako “umeek” taldeko argazkia, eta ondoren,
“ume” hauek egon ziren kanping-denda zuri eta zabal horietako baten
ondoan dantza-soltean aritu ginen dantzariak: Aiert Ibarbia, Irati
Kortabitarte, Eneritz Ganboa eta Oier Ibarbia.
Unibertsitatea
bi eraikinetan banaturik dago, eta bien tartean parke txiki bat. Fandango eta
arin-arina dantzatu ostean ‘lunch’-aren ordua heldu zen eta denok, bai
dantzari, txistulari eta baita “umeak” ere kalejira batekin egin
genuen eraikin batetik besterako ibilbidea. Han, bazkaldu ostean, soka-dantza
egin genuen. Oier eta Aiert aurreskulari eta atzeskulari lanetan eta Eneritz
eta Irati berriz zerbitzari moduan. Sokan sartu genituen omenduez gain batek
baino gehiagok parte hartu nahi izan zuen soka-dantzan, batez ere bukaerako
kalejiran, gazte denborako oroitzapenak edo berreskuratu nahian.
Bazkalostean,
biribilketa doinuek eta dantzarako gogoek animaturik berriro ere bueltatu ginen
aurreko eraikinera, The Guernica Children dokumentalaren
emanaldi-estreinaldia ikusteko aukera izan genuen.
Film horretan bertan
“ume” hauen testigantza eta sentipen hunkigarriak batzen dira
Espainiako gerra zibilaren ondorioz: bat-bateko bizitza aldaketa, herrialde eta
familiarengandik banandu beharra… Dokumentalaren ostean eta Pirmin Treku
dantzari izandakoaren izenean aipamen txiki bat egin ostean soinu-zahar batekin
bukatu genuen dantzariok gure emanaldia eta txistulariek Agur Jaunak ohorezko
doinuarekin borobildu zuten eguna.
Souhamptonen
ekitaldiak bukatuta asteburu osoan gure gidari eta zaindari izan den Nerea
Mendikuteren eskutik Londres piskat ezagutzeko aukera izan dugu. Eskerrak eman
nahi dizkiogu Nereari gurekin izandako arreta guztiagatik, eta baita Carmen
Kilnerri ere, Basque Children elkartearen izenean antolatzaile lanetan egin
duen lanagatik. Argazki ofizialak Kezkaren flickerrean daude, eta ez-ofizialak
berriz Malen-en blogean. The Basque Children Elkartearen webgunean ere argazki gehiago aurki ditzakezue.