Aratusteetako ostiralean iritsi
ohi dira Kaldereroak Eibarrera, eta aurten ere halaxe egingo dute, otsailaren 16an,
arratsaldeko 19.30etatik aurrera. Kezka dantza taldearen ekimenez Hungariako
kaldereroen jaiak, kantuz eta dantzaz berrituko du tradizioa.

Aurten, gainera, bidaide bereziak
izango dituzte kaldereroek. Mauleko Tokia Theatre antzerki taldearen eskutik
Kauterak ikusgarria izango dugu Eibarren, kaldereroekin batera ostiral
arratsaldean. Zuberoako inauterietan agertzen diren pertsonaiak dira
Kauterak, eta hain zuzen ere, Kaldereroak esan nahi du Kauterak hitzak, beraz,
kaldereroen jaia ospatzeko beste modu bat ekarriko digu Tokia Theatrek
Eibarrera.
Kauterak, tradizioa berrikusiz
Mauleko Tokia Theatre taldearen Kauterak ikusgarria izango da
aurtengo Eibarko Kaldereroetako nobedade nagusia. Zuberoako
maskaradetan ohiko pertsonaiak dira kauterak, kaldereroak. Tradizio
horretatik abiatuta kale ikusgarri berria prestatu du Tokia Theatrek.

Thierry Truffaut ikertzaileak inauterien inguruko ikuspegi aberatsa
eskaini die eta hortik abiatutako pertsonaia, tramankulu, izaki
beldurgarri, eta inauterietako osagai bitxiekin osatu da Kauterak.
Zuzeneko musika, su-jokoak, mozorro ikusgarriak, hanka-luzeak eta
aktore talde profesional batek borobiltzen du Kauterak ikusgarria.
Eibarren eskainiko duten emanaldian Kaldereroen kalejiran,
ibilbidean joango dira konpartsan sartzen Kauterak ikusgarriko
pertsonaiak eta eszenak. Untzagara iritsitakoan emanaldi ikusgarria
eskainiko dute bertan. Aipatu beharrekoa da
Kauterak ikusgarri hau Eibarren aurkeztu ahal izateko Euskal Kultur
Erakundeak (EKE) eskainitako laguntza berezia. Kezka dantza taldea,
Eibarko Udala eta EKEren elkarlanari esker izango da Eibarren Tokia
Theatreren ikusgarria.
Ibilbidea eta ordutegia

Hauxe izango da aurten egingo den ibilbide eta ordutegia:
- 19.30etan
Kaldereroen elkartzea Urkizuk parkean.
- 20.00etan
Urkizutik abiatuko dira kaldereroak Untzagaruntz.
- 20.15etan
Kauterak bilduko zaizkie Kaldereroei Eibarko kaleetan
- Ibilbidea:
Urkizu, Bittor Sarasketa, Estaziño, Errebal, T. Etxebarria eta Untzaga.
- 20.40etan
Untzagan Kauterak ikusgarria
- 21.00etan
Untzagan, aratusteetako pregoia
- 21.10etan
Kaldereoen kanta eta dantzak.
- 21.15etan
Hartzaren dantza, heriotza eta berpiztea.
Kaldereroen konpartsa ohiko pertsonaiek eta taldeek osatuko dute:
Urtero bezala herriko
hainbat taldek parte hartuko dute Kaldereroen
etorreran:

- Kezka
dantza taldea
- Kezka
dantza eskola
- Etakitto
euskara elkartea
- Ustekabe
fanfarea
- J.B.
Gisasola Musika Eskolako ikasleak
- Jainagaren
trikitixa eskola
- Txolarte
- Lagunartea
- Untzagako
adinekoen egoitza
Antolaketa lanak:
- Kezka dantza taldea
- Etakitto euskara elkartea
- Eibarko Udala Kultura Saila
Laguntzaile berezia:
- Euskal Kulturaren Erakundea (EKE)
1991an berreskuratu zen
Kaldereroen etorreraren ohitura Eibarren eta ordutik hutsik egin gabe izan
ditugu hungariako ijitoak aratusteetan. Baina aurretik ere, 1930eko hamarkadan,
atera ohi ziren kaldereroak Eibarren.
Ikusi ondoko loturetan Eibarko Kaldereroen inguruko hainbat kontu interesgarri: