Plazara Dantzara 2006

Estatistikek zerbait erakusten badute da beti ezin duela eguraldi
txarra egin eta noizbait tokatu behar dela ona. Tarte batean txarrak
tokatu zaizkigu, eta orain buelta etortzen ari da. San Andres eguna,
azaroaren 30a, eguraldi txarra egiteko aukerakoa da egutegiari
begiratuz gero eta euria maiz izan dugu egun horretan azken urteotan.
Baina aurten ez, aurten ona tokatu da eta San Andres egunez gozatzeko
aukera ederra izan dugu.

Osteguna da, eta Eibartik kanpo lanean edo ikasten ari diren batzuren
falta sumatzen da.
2006-11-30_SanAndres_6768
Beste batzuri bezperako parrandak luze jo die eta
begiak ezin irekita iritsi dira plazara. Eguerdiko 13.00ak Untzaga
Plazan. Nekazal azokaren sariak eman dira, heldu dio Jainagak soinuari
eta Narbaizak panderoari, eta hasi da erromeria. Kalejirak, fandangoak,
arin-arinak, balsak, korridoak, jautziak eta kontra-dantzak. Kezka
dantza eskolako ikasleak, dantza taldeko dantzariak, dantza
ikastaroetako ikasle saiatuak, guraso animatuak eta ikusle ausartak,
denak aritu dira dantzan bazkaltzeko ordua iritsi den arte. Hotz zegoen
hasi aurretik baina berotuta bukatu dugu. Familiako argazkia egin eta bazkaltzera!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude