San Joan eguneko soka-dantza

Asteburu euritsua izan bada ere, oraingoan ez
gaude kexatzeko. San Joan bezperan eta San Joan egunean euria maiz egin zuen,
baina San Joan eguneko iluntzean atertu eta gaueko 23.30etarako aurreikusita
zegoen soka-dantza arazorik gabe egin ahal izan genuen.

2006-06-24_Soka-Dantza_IZ
Eibarko Rugby taldeko eta Azitain Futbol taldeko kideak omendu genituen
soka-dantzan. Rugbilariek mailaz igotzea lortu dutelako eta futbolariek 25 urte
bete dituztelako ostikoka. Kirolariek bete zuten udal zinegotziek utzitako
hutsunea.

Bitxia da soka-dantzaren inguruan gertatu dena.
1994ko ekainaren 24an berreskuratu genuen soka-dantza Eibarren. 20 urte
zeramatzan lozorroan, eta alkatea, udal-batza osoa, Usartza txistulari taldea
eta kezka dantza taldea, denok elkartu ginen soka-dantza iratzarri eta bizi
berri bat emateko. Politikaren ikuspegitik urte latzak tokatu dira tartean.
Baina urtean behin, sinbolikoki irudi interesgarri bat sortzen zen San Joan
egunaren gauean. HB eta PPkoak mahai berean eseriko zituenik ez zegoen, baina
hala ere, San Joan egunean, PSOE, EAJ, HB, EA, EB eta PPko ordezkari politikoak
elkarri eskua eman, soka bakarra osatu eta herriaren aurrean plazara ateratzeko
gai ziren. Soka berean, elkarri eskuak emanda eta herriaren aurrean, plazari
bira emanez.

Eta hain zuzen ere politikoki kontuak baretzen hasi diren unean, suetena bera
indarrean dagoen garaian, eten da San Joan eguneko dantzaren soka hori. 2004an
Txonta auzoko bizilagunek udalarekin zuten haserrea erakusteko soka-dantza
plaza egokia zela iritzi zioten. Alkatea plazara atera zenean sokaren buru
eginez txistuak, oihuak eta gaitzespenak hasi ziren, eta ez zuen bakerik izan
belarriak ondo gozatuta plazaren itzulia osatu eta alboan eseri zen arte.
2005ean berriz ere gauza bera gertatu zitekelakoan, udal-gobernuko alderdiek
uko egin zioten soka-dantzan parte hartzeari. 2006an Txontako aferak liskartsu
jarraitzen duela ikusita, udal-batzak ez du parte hartu soka-dantzan, eta
kirolariek hartu dute haien tokia sokan.

2006-06-24_Soka-Dantza_IZ
Dantzari dagokionez ohi bezala burutu da soka-dantza. Oier Araolazak egin ditu
aurreskulari lanak, eta Josu Garate aritu da atzesku. Zerbitzariak Enrike
Izagirre eta Oier Ibarbia izan dira, eta soka osatu dutenak hauetxek: Ekhi
Zugasti, Ander Fernandez, Haritz Arrieta, Unai Usatorre, Unai Lizarralde,
Joseba Aranzabal, Gaizka Arrizabalaga, Jon Lizarralde eta Aiert Ibarbia. Neskak
berriz hauek: Ainhoa Larrañaga, Leire Orbegozo, Zuriñe Torre, Eneritz Ganboa,
Irati Kortabitarte, Irati Carballo, Amaia Goenaga, Amaia Mutiloa, Amaia Recio,
Iraia San Ildefonso, Izaro Gerrikagoitia, Maitane Castillo eta Malen Ulazia.


Usartza Udal txistulari bandak
arduratu da soka-dantzari doinua jartzeaz. Jose
Miguel Laskurain, Elena Perez, Enrike Montero, Asier Castelos eta Iñaki
Orbegozo
aritu dira. Hain zuzen ere, datorren asteburuan Usartzakoek antolatzen
duten txistulari alardean arituko gara dantzan.

Oraindik ez ditugu jaso Felipe Loyolak egindako argazkiak. Bitartean, Iñaki Zugastik egindakoak ikus daitezke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude