Euri jasaren biharamuna

Arratsaldeko 19.30ak. Laino beltz batzuk ageri dira zeru barrenean. Azkar ibili beharko gara euria dator eta.
Enrikek arin egin ditu aurkezpenak eta musikariak hasi dira lehenengo
pieza jotzen. Lapurdiko fandangoa dantzatzera taldea plazaratu bezain
pronto haize indartsua altxatu da. Segundu gutxitan laino beltzak
plazan gainera iritsi dira. Trumoi itzela jo du. Elkarri begiratu
diogu. Halako batean ikusleak altxatzen hasi dira, denak batera eta
bazterra korrika. Ez dugu ulertzen, gure gainera oraindik ez da
tantarik erori. Berehala ulertu dugu. Tanta lodiak hasi dira gure
artean ere erortzen. Konturatu orduko itsaso oso bat datorkigu gainera.
Fandango erdian eten du doinua soinujoleak eta hasi gara denok korrika.
Dantzariak ez dira ohartu oraindik. “Korriiiiiiiii!!! Korri
aterpera!!!”. 

 Ezertaz konturatu orduko eurijasa izugarria daukagu plazan. Minutu
erdian lepo beteta zegoen plaza erabat hustu da. Soinu ekipoa
plastikoekin estaltzen saiatzen ari dira Jainaga, Narbaiza eta Ima.
Haizeak eta euriak ia bota dute behera atzeko teloia. Eskerrak
Soinuakoak erne zeuden eta berehala kendu dute. Eszenatokiko gaineko
estalkia ere kendu behar izan dute Rotulbaskekoek. Ahal izan duguna
baztertu eta korri egin dugu adinekoen egoitzako aterpera.

19.37. Blai, blai eginda gaude batzuk. Gertatu berri dena sinestu
ezinda. Bost minutuan pikutara joan dira azken hilabeteetako prestaketa
lan eta ensaio guztiak. Dantzari txiki eta ez hain txikien aurpegietan
harridura, amorrua eta pena nahasten dira. Beste zenbaiten aurpegian
ardura. Batez ere euriaren azpian soinu ekipoak dituztenengan.2006-06-16_Dantzari-Eguna-kezka_3185
Ordu erdiz ez da egon aterpetik irtengo zenik. Halako batean hasi da atertzen. Gauzak ahalik eta txukunen bildu eta erretirada.

Azken urteotan ez genbiltzan suerte handiarekin eguraldi kontuetan.
Soka-dantza, Plazara Dantzara eta inauterietan ohi (nahi) baino
gehixeago egin digu euria, iazko Dantzari Egunean eguzki galdatan erre
ginen ia, eta Arrateko Amaren dantzen Arrateko aurkezpenean goitik
behera egin zuen euriak. Kupoa beteta geneukalakoan geunden. Tarte
batean behintzat ez zitzaigula halakorik tokatzen. Iluso halakoak!

Dantza saio baten erdian (bete-betean gainera) gogoratzen dugun
euri-jasa gogorrena erori zen ostiralean. Eta horrelakoak ez dira erraz
ahazten.

Soinu ekipoak kalterik izan ote duen jakin gabe gaude oraindik. Horrez
gain okerrik ez zen izan, eta beraz, hurrengoan pentsatzen hasi beharko
dugu. Datorren larunbatean, ekainaren 24an, soka-dantza. 
Eguraldia -ejem- lagun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude