Ezpata-dantzak jaialdiaren kronika

Aitortu behar dut aurreikusi baino hobeto joan zirela gauzak maiatzaren 27 eta 28rako prestatu genituen dantza jaialdietan. Ezpata-dantzen inguruko egitaraua
prestatu genuen, eta Euskal Herriko eta atzerriko ezpata-dantzak
gonbidatu genituen. Eguzki ederra (ederregia zenbait unetan) izan
genuen bai larunbatean eta igandean, eta dantzari eta musikarien
ahaleginarekin eta ikusleen erantzun zabalarekin, borobil-borobil joan
zen Eibarko 41. Euskal Jaiaren baitan antolatu genuen Ezpata-dantzak jaialdia.

Eguzkia ezkutatu ahal ikusleek erabat bete zuten Untzaga Plazako
armaila eta interes biziz jarraitu zituzten handik eta hemendik
etorritako ezpata-dantzak. Enrike Izagirrek jardun zuen aurkezle
lanetan eta haren esanetara joan ziren plazaratzen dantza taldeak.

Debako Gure-Kai dantza taldeari egokitu zitzaion jaialdia hasi beharra.
Arratsaldeko 19.00ak baziren ere, oraindik eguzkiak indarrez jotzen
zuen, baina hala ere dotore aritu ziren Andoni Iriondok zuzentzen
dituen dantzariak. Aitor Gonzalez-ek jardun zuen buruzagi lanetan.
 

Beasaingo Aurtzaka dantza taldeak bi dantza ekarri zituen Eibarrera. Batetik, Loinazko San Martin-en ezpata-dantza.
Herriko jaiak utzita etorri ziren dantzariak baina ez zitzaien antzeman
inolako ajerik. Loinaz-en bertan ume talde batek egin ohi du dantza,
eta distira berezia eman zioten Mikel Sarriegik zuzenduta eta Mikel Apaolaza buruzagi zutela aritu ziren dantzari helduek ezpata-dantza berezi horri. Banderaren ondeoraekin borobildu zuten beren saioa.

Furundaren soinuaren doinuarekin Aurtzakako neska gazteak plazaratzen jon ahala harridura joan zen nagusitzen ikusle eta gainontzeko dantzarien artean. Neska gazte taldetxo
bat zen, bakoitzak erratz bat zuela eta Sarian zunzun sorgin-dantza
egiten hasi ziren. Dantza dibertigarria zirudien, baina
ezpata-dantzekin zein zerikusi izan zezakeen galdetzen zioten beren
buruari zenbait ikuslek. Sorgintxoek erratzen  muturrak elkarri
eman, eta ezpata-dantzetan ohikoak diren mugimendu koreografikoak
osatzen hasi zirenean ulertu zuten zenbait dantzarik sorgin-dantza
haren arrazoia. Aurtzakako nesken bizitasuna eta Furundaren doinuak
lagunduta emanaldiko ekarpenik interesgarrienetakoa izan zen
Sarian-zunzun.
 

Jarraian, Dunkerque-ko In The Kring dantza taldearen
txanda izan zen, eta egunetan burutik kendu ezinik izan dugun doinuaren
erritmora Renaat Van Craenenbroeck-ek prestatutako ezpata-dantzaren mugimenduak osatzen joan ziren. Bukatzeko, arrosa edo parrilla egin zuten ezpaten artean, eta gainera igota bandera jira-biran erabili zuen dantzarietako batek.

Legazpiko Sustraiak dantza taldeak Santa Kurutz egunean egin ohi duten ezpata-dantza ekarri zuen. Aipatzekoa da aurten bertan 30 urte bete direla ezpata-dantza hori berreskuratu zutela Legazpin.

Segidan, Antwerpen-eko Dansgroep Lange Wapper taldea sartu zen plazara. Danbor-joleak aurretik zituztela kutsu militarreko mugimendu indartsuekin ezpata-dantzetan ohikoak diren hainbat egitura koreografiko egin zituzten, hauek ere taldeko sortzaile izan zen Renaat Van Craenenbroeck-ek prestatutakoak.

Kezka dantza taldeak, 2005eko irailean aurkeztu zuen Arrateko Amaren ezpata-dantzarekin borobildu zuen larunbat iluntzeko ezpata-dantzen jaialdia. Jantziak aldatu, afaldu eta kantu eta dantza afarirako prest zeuden dantzariak.

Kalejira eta bigarren ekitaldia

Igandean ere eguzkiak ez zuen errukirik izan, baina gu pozik, nahiago
baitugu bero apur bat pasatzea, euriak jaia zapuztea baino.
11.30etarako taldeak Urkizun biltzen joan ziren,
eta bezperako aurpegiak agurtu eta aurpegi berriei harrera egin ondoren
kalejirarako prestatu ziren dantzari eta musikariak. Dantza taldeekin
batera Amurrio-Bilboko gaiteroak, Jainagaren eskolako eta Eibarko trikitilariak, eta Itsasiko joaldunek parte hartu zuten kalejiran.

Debabarreneko dantzariek Inude eta Artzaiak
egin zituzten: Ermuko Txindurri eta Elgoibarko Haritz taldeetako
dantzariek, eta Eibarko Kezkako eta dantza eskolako ikasleek osatutako
konpartsak eten gabe dantzatu zituen Ustekabe fanfareak jotzen zituen Raimundo Sarriegiren doinu alaiak.

Plazan Inude eta Artzaiek
agerraldi laburra egin ondoren, ezpata-dantzen jaialdiaren bigarren
zatiarekin jarraitu genuen. Zumarraga eta Urretxuko Irrintzi dantza
taldeak Antioko ezpata-dantza eskaini zuen dotore. Dunkerque-ko In the Kring dantza taldea aritu zen segidan, eta ondoren Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldeak Arretxinagako San Migelen ezpata-dantza eskaini zuen. Talde ederra ekarri zuten markinarrek eta serio eta zorrotz aritu ziren.

Antwerpen-eko Lange Wapper-ko dantzariek bi ezpata-dantza eskaini zituzten segidan. Batetik, nesken ezpata-dantza egin zuten, Marc dantza maisuak gidatuta. Bestetik, gizon helduenek, zurezko zuekoak jantzita zituztela egin zuten ezpata-dantza.

Ezpata-dantzen jaialdia beste dantza bitxi batekin borobildu zen. Kantabriatik, Ruiloba herritik etorritako dantza taldeak Danza de las Lanzas eskaini zuen. Lantzak zituzten eskuetan, baina ikusleak berehala ohartu ziren egiten zituzten figura koreografikoak ikusita,
aurretik ikusitako ezpata-dantzen sail berekoa zela dantza hura. Arrosa
egin eta dantzarietako bat gainera igota ikusleak agurtu ondoren bukatu
zen Ruilobako dantzarien emanaldia, eta Ezpata-dantzak jaialdia bera.

Bazkaria, eta Tapia eta Leturia eta Jokin-en erromeriak borobildu zuen dantzaz lepo betetako asteburu mamitsua.

Argazkiak Felipe Loyolak egindakoak dira eta honako helbide hauetan
dituzue eskura albumak. Argazki bat ikusterakoan “All sizes” aukeratuz
gero tamaina desberdinetan ikus daiteke, eta papereratzeko tamaina
egokian ere dituzue eskura. Argazkiren bat erabiliz gero aipatu egilea
nor den. Hona argazkiak:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.