Soka-dantza Santa Kurutzen 2006

Santa Kurutzetan ohi dugunez soka-dantza egin genuen Arrate ondoan dagoen Santa Kurutz ermitan. Maiatzaren 7an, Santa Kurutz egunaren (maiatzaren 3) ondoko lehen igandean egin ohi dugu soka-dantza bertan. Mimoz prestatzen dituzte Arrateballeko baserritarrek Santa Kurutzeko jaiak eta ederrak izaten dira.

2006-05-07_Santa-Kurutz-040

Dantzarako soka auzotarrek osatzen dute, eta Kezkakoen ardura izaten da aurresku, atzesku eta zerbitzari lanak egitea. Azken urteotako ohiturari jarraituz Ibarbiatarrak izan ditugu aurten dantzaren gidari. Oier Ibarbia aurresku eta Aiert Ibarbia atzesku. Zerbitzari lanetan Enrike Izagirre eta Oier Araolaza. Txistulariak Usartza taldekoak: Jose MIguel Laskurain, Enrike Montero, Asier Castelos eta German Ereña.

Eibarko alkatea, Iñaki Arriola, auzoetako zinegotzia Nerea Alustiza, eta Mari Carmen Retenaga eta Aitor Alberdi zinegotziak ere bertan ziren, eta soka-dantzaren lehen eta azken itzulietan parte hartu zuten.

Eguraldi ederra, giro ezin-hobea eta dantza ondoko txorizo eta odolosteei estimu ederra egin zieten dantzari eta ez dantzariek.

Soka-dantzaren argazki sorta eder bat hemen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude