Hileko artxiboak: martxoa 2006

Momotxorroak, kaldereroak eta hartzak

Berandu baina seguru dator Eibarko aratosteetako kronika. Hiru aste pasa dira dagoeneko inauterietatik, baina dagoeneko iazko kontuak direla iruditzen zaigu.

Iragarri bezala otsailaren 24an Galdakaoko Andra Mari dantzari taldea izan genuen Eibarren, aratusteetako barixakuan ohikoa den kaldereroen kalejirarekin bat eginez. Orain 30 urte Galdakaoko taldeak berreskuratu zuen Altsasuko inauteria ekarri zuten Eibarrera. Ikusmina eta harridura eragin zituen Eibarko ikusleengan Andra Marikoek prestatutako inauteri ikusgarriak.

Kaldereroek ohiko ibilbidea egin zuten. Urkizuko parkean elkartu ziren kalderero guztiak. Kezkako dantzari eta dantza eskolako ikasleez gain, bestelako dantza ikastaroetako ikasleak, Musika Eskolako zenbait ikasle eta Lagun artea eta Txolarte elkarteetako kideak bildu ziren. Koordinazio lanetan aritzen diren etakittoko lagunekin batera Pantxika astoa eta gurdia, Ustekabe txaranga eta Jainagaren tritiki eskola batu zitzaizkien kaldereroi. Guztira 200 inguruk osatu zuten kaldereroen konpartsa.

Kaldereroen konpartsa Urkizutik abiatu eta Bittor Sarasketako aldapari heldu zioten Estazio kalera bidean. Estazioan zain zuten Hartza eta han hasi ziren lehen oihuak eta antxitxiketa saioak.

Baina kaldereroen hartzaren ondoan Altsasuko inauteria osatzen zuen konpartsa osoa zegoen zain Estazioan. Ordurako momotxorroek eginak zituzten beroketa saio batzuk eta Ibarrekurutze aldera pilatu ohi diren ikusleek antzemana zioten lasai-lasai begiratzeko aukera handirik ez zela egongo.

Momotxorroen atzetik Altsasuko inauteria osatzen duten eszena guztiak zetozen, momotxorroek eragindako izutik errekuperatu orduko pertsonaia eta inauteri-mozorro sorta benetan bitxi eta ikusgarriaz gozatzeko aukera izan zuten eibartarrek.

Toribio Etxebarria kalean, jendea alde guztietan zegoela, korrikaldiak, hartzen jolasak eta dantzak, ziripoten erorialdiak, emankortasuna eta bizitzaren komitiba, musika, dantzak eta kaldereroen kantak nahasi ziren eta inauteri une ederrak bizi izan genituen.

Halako batean iritsi ginen Untzaga plazara, eta Asier Cuevas korrikalari prestuak irakurritako pregoiaren ondoren, azken dantza eta kantuekin bukatu genuen emanaldia.

Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeari eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen, Eibarrera ekarritako inauteri eder eta indartsuarengatik, eta oro har folklorearen alorrean egiten duten lan bikainarengatik.

Argazkiak: Felipe Loyola