Altsasuko inauteriak Eibarren

Galdakaoko Andra Mari dantzari taldea Eibarren izango da Kezka dantza taldeak eta Eibarko Udalak gonbidatuta. Talde horrek orain 25 urte berreskuratu zuen Altsasuko inauteria ekarriko du Eibarrera. Eibarko Kaldereroen jaiarekin bat egingo du Galdakaoko Andra Mari taldeak eskainiko duen Altsasuko inauteriak.

Hauxe izango da Altsasuko inauteriek egingo duten ibilbide eta ordutegia:

  • 20.00etan Ibarrekurutzeko iturritik abiatuko dira Untzagaruntz.
  • Ibilbidea: Estaziño, Errebal, Toribio Etxebarria, Untzaga, Calbeton eta Bidebarrieta.

Altsasuko inauteria berpizten

Beste hainbat herritan bezala, auskalo noiztik zegoen Altsasuan inauteriak ospatzeko ohitura. Baina XX. mendearen lehen zatian ohitura zaharrak galtzen hasi ziren. Altsasuko herrian 1916. urtean ospatu zen azkenengoz inauteria. Ondoren, inauteririk gabeko epe luzea zabaldu zen. 60 urtetan lo egon zen inauteria Altsasuan.

Galdakaoko Andra Mari Dantzari taldea 1976an hurbildu zen Altsasura. Juan Antonio Urbeltzen bidez jakin zuten garai batean Altsaun inauteria ospatzen zela. Inauteri hari buruzko ikerketa-lana burutu zuten, eta altsasuar zaharren ezinbesteko oroimenaren laguntzaz inauteria berreskuratu zuten. 1981-1982 urteetan Altsasun bertan inauteri horren emanaldiak eskaini zituen Andra Marik. Hura ikusita, altsasuarrek erabaki zuten inauteria berreskuratu behar zutela. Andra Marik egindako lanetik abiatuta inauteria berriz ere jarri zuten indarrean, eta harrez gero bizi-bizirik dago berriz inauteria Altsasun.

Hona hemen Andra Mari dantzari taldeak eskaintzen duen Altsasuko inauterian ageri diren parte-hartzaileak

Momotxorroak

Behi-gorri edo piriniar betizuaren itxura handia duen pertsonaia izugarria da hau, adar zorrotzekin eta odolez zikinduta inauterian kaosa sortzen saiatzen da mamutxarro beldurgarri hau.

Emankortasun eta bizitzaren komitiba

  • Idi-bikotea eta goldea: Goldearekin arrastoa egiten dute, lurra erein eta ernaldu dadin.
  • Gari-ereilea: Goldearekin irekitako arrastoa ereiten du.
  • Aza-erailea: Goldearekin irekitako arrastoa ereiten du.
  • Bataioa: Emankortasunaren fruitua, bizitzaren berriztea adierazten duen ume jaio berria.

Maskarak edo konpartsak

  • Ziripotak: Aurpegirik gabeko humanoideak, arimak edo izpirituak omen dira. Hildakoen gorpuetan askatu-ezinik geratutako arimak dirudite.
  • Atsoa eta gaztea: Bukatzear dagoen zikloak, atsoak, bere sorbalden gainean darama hasten ari den ziklo berria, gaztea eta emankorra. Amaitzear dagoen urtaroak berria dakar bere lepo-gainean.

  • Hartza eta ijitoak: Europa osoko inauterietan ageri da hartza. Neguan lotan dago hartza, eta natura bera bezala, udaberriarekin batera esnatzen da. Zutik dagoen hartzaren gorpuzkera gizakiaren oso antzekoa da, baina gizakiak ez duen indar izugarria du. Ijitoek Transilvaniatik ekarri dute, eta ijito onek ohi duten legez, Transilvania eta Euskal Herriko musikak nahastuz dantzarazten dute Hartza.

Ikusi albiste honekin zerikusia duten loturak:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude