Hileko artxiboak: otsaila 2006

Kaldereroak Eibarren, historia laburpena

Trenean bai, trenean iristen omen ziren kaldereroak Eibarrera, eta gaur egun ere, Urkizun elkartu ondoren Estazioan izaten du Eibarko kaldereroen konpartsak abiapuntua. Baina noiztik ospatzen dira kaldereroak Eibarren? Donostiakoen berri bilduko dugu lehenik eta behin.

Aratusteak Donostian, 1827. urtea. Inauteriak. Alde zaharrean konpartsa mordoska bat desfilean, zein baino zein bitxiagoa: artzaiak, ijito andaluzak, lorazainak, Valentziako itsuak, zapatariak, perratzaileak, tornulariak, okinak eta kalderero turkoak. Kalderero turko haiei aurrerantzean jatorri hungariarra egotzi zitzaien.

Donostiako inauterietan 1884. urtean kaleratu zen kalderero hungaroen konpartsak arrakasta handia izan zuen. Aurrerantzean alde zaharreko “Union Artesana” elkarteak hartu zuen antolaketaren ardura. Sarriegik ordurarte erabili izan ziren doinuak moldatu zituen eta Adolfo Comba eta Victoriano Iraolak idatzi zituzten gaurdaino iritsi zaizkigun kanten letrak.

Gerraurrekoak

Kaldereroak Eibarren lehen aldiz 1932. eta 1935. urte bitartean kaleratu ziren. Danba kuadrillakoek osatu zuten lehen taldea, 20 gazte inguru bilduta. Eibarko Orfeoiko partaide ziren gehienak. Emilio Goen zuzendari zutela, gerra aurreko eta ondorengo lehen urteetan kaleratu ziren. Kalez kale jasotako diruari berehala aurkitzen zioten erabilera, bazkari eder bat, herriko ospitaleko gaixoentzat eta 1935 urtetik beste behar bat: 1934ko urriko matxinadaren ondorioz kartzelan zeuden eibartar guztiak laguntzea.

Eibarren Kaldereroek izan zuten arrakastaren ondorioz, hurrengo urteetan inguruko herrietara bisita egiteko eskaerak izan zituzten eta horrela Bergara, Elgoibar, Markina, Ondarrua eta Deban izan ziren Eibarko kaldereroak. 1936an kaleratu ziren azken aldiz Eibarko kaldereroak. Gerrarekin batera luzarorako lokartu ziren zartagin eta mailu hotsak.

Azken 15 urteak

Eibarko Klub Deportiboko Kezka dantza taldea 1991an hasi zen kaldereroen ohitura berreskuratzen. Garai hartan Kezka dantza taldeko arduraduna zen Pablo Uribetxeberriak askotan entzuten zien guraso eta eibartar nagusiei gerraurreko Eibarko kaldereroen berri. Kantuak ere gogoratzen zituzten askok. Kezka dantza taldeko gurasoei laguntza eskatu eta Arantza Arrietarekin batera ideia martxan jarri zuten.

Lehenengo urratsa informazio bilketa izan zen. Eibarko kaldereroak ezagutu zituzten nagusiekin hitzegiteaz gain Donostiako kaldereroen antolatzaileekin harremanetan jarri eta bertan erabiltzen ziren kanta eta musikak eskuratu zituzten. Kaldereroen doinuak kantatu orduko nagusiek Eibarkoak propio ziren letra zatiak kantatzen zituzten. Adibidez, Donostian kantatzen da “Caldereros somos de la Hungria, que venimos a San Sebastián” eta Eibarren berriz honela: “Caldereros somos de la Hungria, que venimos en tren especial”

Letrak eta kantak ensaiatu, zartaginak eta mailuak eskuratu, eta Mitxelenak bultzatutako gurdiarekin kaleratu ziren 1991ko otsailaren 10ean kaldereroak Eibarren berriz ere.

kaldereroetan ohikoa diren Kalejira, Que Belleza, Recorrimos eta Queridos Compañeros abestiez gain, 1991an okasiorako apropos Migel Mugerza Elgetsu II-ak idatzitako dozena erdi bertso kantatu ziren, aintzinako Aratosteetan bertsopaperak kantatzeko zegoen ohiturari eutsiz.

Hutsik egin gabe kaleratu ziren kaldereroak Eibarren 90eko hamarkada osoan. Pablo Uribetxeberriak eta Arantza Arrietak hasieran egindako lan handiaren ondoren, Eibarko Klub Deportiboko eta Kezka dantza taldeko beste kide batzuei eman zieten erreleboa, eta besteak beste Javi Escudero eta Arantza Uriguen arduratu dira zenbait urtetan konpartsa koordinatzeaz.

Kezka Dantza taldeari Juan Bautista Gisasola Musika Eskolak gehitu zitzaion 1994an, eta aratosteetako igandeetatik barixakura pasa zen konpartsa. Urtetik urtera taldeak gehitzen joan dira parte hartze eta antolaketa lanetan: eta kitto! Euskara elkartea, Txolarte, Lagun Taldea, Jainaga eta Agirrebeñetarren trikitixa ikasleak, Musika Eskolako soinu-joleak eta txarangak… Hasierako gurdia handitu egin zen eta astoa ekarri zen gurdiari tira egiteko. 1995ean kantez gain, dantza egiten hasi ziren kaldereroak eta Hartza kaleratu zen lehen aldiz.

Eibarren kantatzen diren kaldereroen kantak

Kaldereroen doinu alai eta indartsuen egilea Donostiako jaietan erabateko garrantzia izan duen musikagile bat da: Raimundo Sarriegi. Bereak dira Donostiako danborradako doinurik ezagunenak (Tatiago, Iriarena,…) eta bera sortutakoak dira Donostiako inauterietako hainbat doinu ere (Kaldereroak, Inude eta Artzaiak, e.a.).

Kaldereroen kanten hitzak berriz Adolfo Comba y Garcia-k sortutakoak dira. Eibarren kantatzen diren kantak funtsean Donostiako kaldereroetako berak dira, baina, hitzetan badaude aldaketak. Gerra aurrean Eibarren antolatu ziren kaldereroen konpartsetarako egokitu ziren letra horiek, eta 1991an Eibarren kaldereroak berreskuratu zirenean, adinekoekin aritu ziren hizketan Kezkako kideak eta Eibarren kantatzen ziren letren barianteak berreskuratu zituzten. Adibidez, Donostian “Caldereros somos de la Hungria que venimos a San Sebastian“, esaten den tokian, Eibarren “Caldereros somos de la Hungria, que venimos en tren especial” esaten da. Izan ere, horrela etorri ziren garai bateko kaldereroak Eibarrera, trenez, dultzaineroek egiten zuten modu berean.

Aipatzekoa da Hungariar kantaren hitzen egilea ez dela ezagutzen, baina hitzak ez omen dira hungarieraz. Hitz aleman batzuk ditu tartean, baina norbaitek asmatutako hitzak ere bai, zentzurik gabekoak.

Donostian kantatzen diren hitzak eta doinuak hemen ikus daitezke, Groseko kaldereroen webgunean, beste hainbat informazio interesgarrirekin batera.

Caldereros hungaros

Que belleza, que paisaje
contemplamos todos por doquier
al gran pueblo eibartarra
saludamos llenos de placer.

Caldereros somos de la Hungria
que venimos en tren especial
a pasar en vuestra compañia
los tres días de este carnaval.

A cantar y a divertirnos
que esta ciudad es sin igual, Ay!
cuantas dichas vamos a gozar.

Cantad, bailad, gozad.
Si, si bailad, gozad.

Recorrimos diversos paises
y admiramos beldades a mil
pero nunca mujeres tan lindas
cual las niñas que vemos aquí.

Su cintura es flexible palmera
son sus labios cual fino coral.
Si ellas fueran caldereras
con sus ojos fundieran metal.

Caldereros hungaros en el trabajo

Queridos Compañeros
vamos a trabajar!

Componemos bien y pronto
braseras, chocolateras
los peroles y calderas
con la mayor perfección.

Y trabajamos de balde
aunque el maestro nos riña
si nos miran esas niñas
que estan en ese balcón.

Eibarresas, hechiceras
salid pronto que nos vamos
gratos recuerdos llevamos
al separarnos de aqui.

Y no olvideis que hoy al pisar
los caldereros vuestro país
una canción van a cantar
acompañados del tic, tic, tac.

Hungariar kanta

Nach geta mer nach
geta mer nach
nach geta mer nach.

Arbeit asfreit
ist gut ruhem singelin
arbeit asfreit.

Ist gut ruhem singelin
est mur ser lunch
est mur ser lunch
frais ken fort len
wolmiach ot men.

Altsasuko inauteriak Eibarren

Galdakaoko Andra Mari dantzari taldea Eibarren izango da Kezka dantza taldeak eta Eibarko Udalak gonbidatuta. Talde horrek orain 25 urte berreskuratu zuen Altsasuko inauteria ekarriko du Eibarrera. Eibarko Kaldereroen jaiarekin bat egingo du Galdakaoko Andra Mari taldeak eskainiko duen Altsasuko inauteriak.

Hauxe izango da Altsasuko inauteriek egingo duten ibilbide eta ordutegia:

  • 20.00etan Ibarrekurutzeko iturritik abiatuko dira Untzagaruntz.
  • Ibilbidea: Estaziño, Errebal, Toribio Etxebarria, Untzaga, Calbeton eta Bidebarrieta.

Altsasuko inauteria berpizten

Beste hainbat herritan bezala, auskalo noiztik zegoen Altsasuan inauteriak ospatzeko ohitura. Baina XX. mendearen lehen zatian ohitura zaharrak galtzen hasi ziren. Altsasuko herrian 1916. urtean ospatu zen azkenengoz inauteria. Ondoren, inauteririk gabeko epe luzea zabaldu zen. 60 urtetan lo egon zen inauteria Altsasuan.

Galdakaoko Andra Mari Dantzari taldea 1976an hurbildu zen Altsasura. Juan Antonio Urbeltzen bidez jakin zuten garai batean Altsaun inauteria ospatzen zela. Inauteri hari buruzko ikerketa-lana burutu zuten, eta altsasuar zaharren ezinbesteko oroimenaren laguntzaz inauteria berreskuratu zuten. 1981-1982 urteetan Altsasun bertan inauteri horren emanaldiak eskaini zituen Andra Marik. Hura ikusita, altsasuarrek erabaki zuten inauteria berreskuratu behar zutela. Andra Marik egindako lanetik abiatuta inauteria berriz ere jarri zuten indarrean, eta harrez gero bizi-bizirik dago berriz inauteria Altsasun.

Hona hemen Andra Mari dantzari taldeak eskaintzen duen Altsasuko inauterian ageri diren parte-hartzaileak

Momotxorroak

Behi-gorri edo piriniar betizuaren itxura handia duen pertsonaia izugarria da hau, adar zorrotzekin eta odolez zikinduta inauterian kaosa sortzen saiatzen da mamutxarro beldurgarri hau.

Emankortasun eta bizitzaren komitiba

  • Idi-bikotea eta goldea: Goldearekin arrastoa egiten dute, lurra erein eta ernaldu dadin.
  • Gari-ereilea: Goldearekin irekitako arrastoa ereiten du.
  • Aza-erailea: Goldearekin irekitako arrastoa ereiten du.
  • Bataioa: Emankortasunaren fruitua, bizitzaren berriztea adierazten duen ume jaio berria.

Maskarak edo konpartsak

  • Ziripotak: Aurpegirik gabeko humanoideak, arimak edo izpirituak omen dira. Hildakoen gorpuetan askatu-ezinik geratutako arimak dirudite.
  • Atsoa eta gaztea: Bukatzear dagoen zikloak, atsoak, bere sorbalden gainean darama hasten ari den ziklo berria, gaztea eta emankorra. Amaitzear dagoen urtaroak berria dakar bere lepo-gainean.

  • Hartza eta ijitoak: Europa osoko inauterietan ageri da hartza. Neguan lotan dago hartza, eta natura bera bezala, udaberriarekin batera esnatzen da. Zutik dagoen hartzaren gorpuzkera gizakiaren oso antzekoa da, baina gizakiak ez duen indar izugarria du. Ijitoek Transilvaniatik ekarri dute, eta ijito onek ohi duten legez, Transilvania eta Euskal Herriko musikak nahastuz dantzarazten dute Hartza.

Ikusi albiste honekin zerikusia duten loturak:

♫♪Caldereros, somos de la Hungria, que venimos en tren especial!♫♪

Aratusteetako ostiralean iritsi ohi dira Kaldereroak Eibarrera, eta aurten ere halaxe egingo dute, otsailaren 24an, arratsaldeko 19.30etatik aurrera.
Kezka dantza taldearen ekimenez Hungariako kaldereroen jaiak, kantuz eta dantzaz berrituko du tradizioa. Aurtengoan gainera, bidaide bereziak izango dituzte kaldereroek. Altsasuko inauterietaz gozatu ahal izango da kaldereroekin batera ostiral arratsaldean. Galdakaoko Andra Mari dantzari taldea Eibarren izango da Kezkak eta Eibarko Udalak gonbidatuta, eta talde horrek orain 25 urte berreskuratu zuen Altsasuko inauteria ekarriko du Eibarrera.

Kaldereroei dagokionez, hauxe izango da aurten egingo den ibilbide eta ordutegia:

  • 19.30etan Kaldereroen elkartzea Urkizuk parkean.
  • 20.00etan Urkizutik abiatuko dira kaldereroak Untzagaruntz.
  • Ibilbidea: Urkizu, Bittor Sarasketa, Estaziño, Errebal, Toribio Etxebarria eta Untzaga.
  • 21.00etan Untzagan, aratusteetako pregoia
  • 21.10etan Kaldereoen kanta eta dantzak.
  • 21.15etan Hartzaren dantza, heriotza eta berpiztea.

Kaldereroen konpartsa ohiko pertsonaiek eta taldeek osatuko dute:

  • Kalderero dantzari eta kantariak
  • Kalderero musikariak
  • Hartza eta domadorea
  • Pantxika astoa eta kaldereroen gurdia

Urtero bezala herriko hainbat taldek parte hartuko dute Kaldereroen etorreran:

  • Kezka dantza taldea
  • Kezka dantza eskola
  • Etakitto euskara elkartea
  • Ustekabe fanfarea
  • J.B. Gisasola Musika Eskolako ikasleak
  • Jainagaren trikitixa eskola
  • Txolarte
  • Lagunartea

Kaldereroen etorreraren ohitura Eibarren 1991an berreskuratu zen eta ordutik hutsik egin gabe izan ditugu hungariako ijitoak aratusteetan. Baina aurretik ere, 1930eko hamarkadan, atera ohi ziren kaldereroak Eibarren. Hona hemen Eibarko Kaldereroen jaiarekin lotutako beste zenbait informazio interesgarri

San Anton hotzak Azitainen

Laugarren aldiz izan gara Azitainen soka-dantza egiten. 2003an, Azitaingo apaiza den Felix Bergararen deiari erantzunez hasi ginen San Anton jaietan auzo horretan dantza egiten. Urtarrilaren 17a da San Anton, eta data horren ondoko igandean egiten dira ospakizunak Azitainen. Urrtarrilaren 22a, igandean, hotz baina eguzkitsu esnatu zen.

Aurten Aiert eta Ander prestatu ziren dantzari-lanetarako. Hasteko meza nagusian ezpata-dantza egin zuten.

Meza ondoren, salda beroa, txorizo muturra, eta denok prest soka-dantza hasteko. Aiert aurreskulari, Andera atzesku, eta sokan besteak beste Adolfo Jainaga, Urkia, Enrike, Oier Ib. eta Oier A. sartu ziren.

Andoni, Barua eta Felix hasi ziren txistu eta danbolinak dantzarazten, eta soka elizaren arkupeetatik atera zen. Lehenengo desafioaren ondoren, neska bila hasi ziren zerbitzariak. Marijose Telleria ekarri zuten lehenengo. Agurra eta Aita San Migel dantzatu ondoren, sokara.

Hotz zegoen, eta jendeak salda beroa eskuetatik askatu nahi ez. Ondorioz, nahikoa lan izan zuten Enrike eta Oier Ib. zerbitzariek sokarako nahikoa neska ekartzen. Eta hori Irati Car. eta Malen ere han inguruan zebiltzala.

Gero zozketa, eta aurten ere bi otar eskuratu genituen! Aber Baruak zermoduzko babak prestatzen dizkigun.