Eta hala ere festa!

Azaroak 30, San Andres eguna Eibarren. Gero eta zailago gertatzen da asteburukoak ez diren jaietan jendea elkartu eta jaia festa bihurtzen. Bata kanpoan lanean, beste unibertsitatean ikasten, eta Eibarko enpresa batzuk ere lanean… Eskerrak ikasleek obediente izaten jarraitzen duten, batez ere jai egiteko denean.

1993an jarri zen martxan Plazara Dantzara Eibarren. Elgoibarko Haritz eta Debako Gure-Kai dantzari taldeekin harremanetan hasi berri ginen, eta hiru taldeek elkarrekin heldu genion neguko erromeria zirkuitoari.

Urte askotan larunbatetan egin izan dugu Plazara Dantzara Eibarren, baina azken urteotan bere egun naturalera itzuli da erromeria, San Andres egunera. Ondorioz Elgoibar eta Debako lagunak ezin etorri, baina herriko giroa aproposagoa izaten da eta San Andres asteburuan tokatu arte izango gara denok berriz elkartzeko zain.

Jainaga eta Narbaizaren trikitixaren doinuetara, eta talo jateko gose piskat egiteko asmoz, hor ibili gara aurten ere fandango, arin-arin, bals, korrido, kalejira, kontra-dantza edo mazurkak dantzatuz.

Euria ez da urruti ibili aurten ere. 2005ean marka ederra daramagu euriarekin. 2006a hobea izango al da, eguraldi kontuetan besterik ez bada!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude