Arrate egunerako prestatzen ari garen dantzen aurrestreinua egingo dugu larunbat honetan ospatzen duen Eibarko Dantzari Egunean. Irailaren 8an, Arraten izango dute dantza hauek estreinaldi ofiziala, baina Arratera iritsi orduko dantzak ondo prestatuta daudela ziurtatzeko Dantzari Egunean, Untzaga plazan, egingo da jendaurreko lehen saioa. Arrateko dantzen errepertorioa osatuko dutenen artetik bi dantza estreinatuko dira larunbatean: Arrateko ezpata-dantza eta makila txikien dantza.
Jantziak
Jantziak prestatzen gogor jardun dute azken hilabeteotan jostunek eta dagoeneko prest daude Arrateko Amaren dantzariek erabiliko dituzten arropak. Aurkezpenean azaldu zen bezala kolore zuria eta apaingarri gorriak izango dira osagai nagusiak, eta ezaugarri berezi nagusia gona motza izango dute. Ezaugarri horiek guztiak zituen Juan Antonio Urbeltz-ek 1988an Zortziko ikuskizunerako prestatu zuen diseinuak eta horixe aukeratu dugu Arrateko amaren dantzarien uniforme izateko.
Musika
Arrateko dantza horietarako musika Jose Miguel Laskurain, Usartza Udalaren Txistulari Taldeko kideak prestatu du. Inguruko dantza tradizioetako doinuak, XVI eta XVII. mendeetako dantza doinuak, Eibarko doinuak eta beste zenbait material erabili ditu Arrateko ezpata-dantza eta makila-dantzaren musika prestatzeko. Kezka Dantza Taldeko txistulariek joko dituzte doinu horiek Dantzari Egunean, eta Usartza Udalaren Txistulari Taldeak joko ditu Arrate egunean.
Koreografia
Gipuzkoako ezpata-dantza tradizionaletik abiatuta Markina, Deba, Legazpia, Oñati eta Eibarren inguruko herrietako dantza tradizioetan oinarrituta osatu da Arrateko ezpata-dantza. 24 dantzarik osatuko dute ezpata luzeekin jardungo dutenen taldea eta bi eskuko ezpatak (mandoble izenekoak) erabiliko dituzte, 130 zmko luzera dutenak. Lau dantzarik ezpata txikiekin dantzatuko dute.
Neska-mutilak
Arrateko Amaren dantzek izango duten ezaugarrietako bat genero bereizketarik gabeko dantza tradizionalak izango direla da. Dantza tradizionaletan oso markatua izaten da genero bereizketa eta gizon eta emakumeek ondo zehaztutako rolak betetzen dituzte. Arrateko dantzak XXI. mendean sortuak diren aldetik gaur egungo gizarteko moduetan oinarritutakoak izango dira eta neska eta mutilek berdin osatuko dute dantzari taldea, bereizketarik gabe.
Eguerdian (12.30tan) egingo da Dantzari Eguna Untzagan
Larunbatean, ekainaren 18an, arratsalderako aurreikusita zegoen Dantzari Eguna, baina Eibar futbol taldeak lehen maila igotzeko azken partida ordu berean jokatuko duela ikusita eguerdian, 12.30etan ospatuko dugu Dantzari Eguna Untzaga Plazan.
130 dantzari
Kezka Dantza Taldeko 30 dantzariekin batera Kezka dantza eskolako 100 ikasleek parte hartuko dute Eibarko Dantzari Egunean. Urtean zehar ikasi eta landutako dantzak erakutsiko dituzte. Donostiako inauterietako Inude eta Artzaien konpartsarekin hasi eta Nafarroa Beherako inauteriak, Kaskarots, Durangaldeko dantzari-dantza, Nafarroako irri-dantzak, Gipuzkoako dantzak, Neskatxen esku-dantza eta emanaldia borobiltzeko Arrateko Amaren dantzak eskainiko dira emanaldian. Dantzari guztiek batera egingo duten zazpi-jauzirekin bukatuko da dantza-saioa.
Musika
Andoni Altzibar, Felix Elortza eta Iñaki Barua, Kezkako txistulariak izango dira musikaren ardura izango dutenak, eta horiekin batera Jainaga eta Narbaiza trikitilariak arituko dira dantza bakoitzari doinua jartzen.
- Dantzari Eguna
- Ekainak 18, larunbata
- 12.30etan Untzaga Plazan
Mesedez al duzue jarri bideoak?
Eskerrik asko
Kaixo Ilargi,
Ba sentitzen dut baina momentuz ez daukagu bideorik jartzeko aukerarik.
oier.