Meteorologoek iragarri bezala eguzkiak errukirik gabe jo zuen larunbatean. Eibar futbol taldearen azken partida erabakigarriarekin ez bat egiteko eguerdian egin genuen Eibarko Dantzari eguneko saioa, eguzki galdatan zegoen Untzaga plazan.
Plazako beroa bera gutxi balitz, Jainaga trikitilaria etxetik etorri zen bero-bero, gaixorik eta sukarrarekin. Goizean altxatu zenean zuzenean ospitalera joan beharrean Untzaga plazara etorri zen, dantza saioan soinua jotzera. Eguzkia erasoka, bere burua gaixorik, baina hala ere, bukaerarte eutsi zion Adolfok, eta denok jarri gintuen dantzan bere soinuarekin. Gero korrika ospitalera. Eskerrikasko Adolfo!
Kezkako txistulariek ere serio demonio jardun zuten lanean. Azken bi asteak gogorrak eta bete-beteak izan dira beraientzat. Aspaldiko urteetako errepertorio luze eta konplexuena egokitu zitzaien, eta tartean Jose Miguel Laskuraienek Arrateko Amaren dantzetarako prestatutako doinuak. Ez da erronka makala izan. Azken asteotan urduritasunak eta presak agertu dira, baina azkenean fin-fin borobildu dute saioa Andoni, Barua eta Felixek. Eskerrikasko hirukote!!
Hasteko, inude eta artzaiak
Kezka dantza eskolako talde bakoitzak 5-10 minutuko dantza saioa eskaini du. Guztira 100 ikaslek parte hartu dute dantza saioan. Ikasturtean egindako lana erakusteko aukera izan dute eskolako ikasleek. Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako dantzak nabarmendu dira aurtengo emanaldian. Hona Eibarko Dantzari egunean eskaini den dantza-egitaraua:
- Inude eta Artzaiak
- Nafarroa Behereko inauteriak
- Kaskarots
- Durangaldeko dantzari-dantza
- Irri-dantzak
- Gipuzkoako dantzak
- Neskatxen esku-dantza
- Arrateko Amaren dantzak
- Zazpi jauzi
Arrateko dantzak
Arrateko Amaren dantzen aurrestreinua ere egin dugu noski. Beroa, nerbioak ere bai, baina oro har aurreikusi bezala atera zen emanaldia. Ikusleen aldetik harrera beroa izan duela esan liteke. Hotza izateko baldintzarik ez zegoen behintzat.
Ezpata-dantza eta makila txiki dantza aurkeztu ditugu. Horiek dira aurtengo Arrateko Amaren egunean dantzatuko ditugunak. Hemendik irailera bitartean dantza horiek finkatu, zuzenketa batzuk egin, eta atseden hartzeko astia dugu.
Baina oporrak hartu aurretik baditugu beste lan batzuk. Adibidez, datorren ostiralean, ekainak 24, San Joan eguna eta beraz, soka-dantza Eibarren.
Eibarko Dantzari Eguneko argazki gehiago Kezka dantza taldeak flickr gunean duen txokoan aurki ditzakezue. Egin klik hemen eta hor ikusiko dituzue.