Hileko artxiboak: maiatza 2005

Abaltzisketako kolorea Euskal Jaian

Abaltzisketa eta Lizartzako inauterietako dantzak egin ditugu Eibarko 40. Euskal Jaian. Kezkako dantzariak eta dantza eskolako ikasle guztiak Abaltzisketako inauterietan erabili ohi diren zapi koloretsuekin apainduta kaleratu gara.

Urkizutik Untzagara bitarteko kalejira makilak elkar-joz egin dugu, Abaltzisketan egin ohi duten moduan. Behin Untzaga plazara iritsita itzuli oso bat egin eta ondoren bakoitza bere tokian jarri eta dantzarako prestatu gara. Hamabost taldetan antolatu gara dantzak egiteko prest.

Abaltzisketako txantxoen makila-dantza, eta Lizartzako inauterietako lehenengoa, bigarrena, makila-dantza, eta pala-dantza egin ditugu.

Azken kalejira alai batekin bukatu dugu emanaldia.


Ohi bezala Kezkako txistulari prestuak, Andoni, Felix eta Barua izan ditugu Lizartzako dantzei doinua jartzeaz arduratu direnak. Abaltzisketako txantxoen makila-dantzaren musika Adolfo Jainaga trikitilariak jo du.

Eibarko Kezka dantza taldearekin batera Arrasateko Arrostaitz , Gasteizko Eguzki Lore , Angeluko Angeluarrak , Berako Gure Txokoa eta Santutxuko Gaztedi dantza taldeek parte hartu dute Euskal Jaian.

Argazki gehiago ikusteko egin klik hemen

Maiatzeko asteburu bete-betea…

Maiatza dantzan aspaldiko izen batura da urtero errepikatzen dena. Pasa den asteburuan ere entretenimendurik ez da falta izan. Larunbatean Musikaldia, Euskal Herriko Musika Eskolen jaia ospatzen zen Elgoibarren eta arratsaldean Olaizaga kiroldegian ospatzen zen emanaldian parte hartu zuen Haritz Euskal Dantzari Taldeak. Argazkian bertan klik eginda Elgoibarko emanaldiare argazki gehiago ikus ditzakezue.

2005-05-14_Haritz EDT Musikaldian Elgoibarren 212

Igandea, maiatzak 15, San Isidro eguna zen eta Aiert joan zen Arratera Debemen-ek antolatzen duen baserritarren ospakizunean parte hartzera. Arrateko Amabirjina prozesioan atera zuten, eta ohi bezala dantzari eta txistulariak izan zituen lagun. Ezpata-dantza eta agurra dantzatu zituen Aiert-ek Usartza txistulari taldeak lagunduta. Jose Miguel Laskurainena da argazkia.

Igande goizean bertan Urkizun izan zen Ane eta Aiert-ekin ikasten duen Kezkako N-91 taldea.

Agurra, uztai handi, zinta-dantza eta fandango eta arin-arina egin zituzten. Musikaz Kezkako txistulariak eta Ander Agirrebeña trikitilaria arduratu ziren.

Eiderren argazkiak klik egiten baduzue emanaldi horretako argazki gehiago ikusteko aukera izango duzue.

2005-05-15_Kezka N-91 Letra Galegoetan Urkizun 106

Azkenik, igande arratsaldean, Gaizka Barandiarani Donostian egin zitzaion omenaldian dantza egitera pare bat ordezkari bidali genituen. Agurra, Boastitzea eta Belauntxingoa egin behar omen zituzten Arkaitz Añorgako dantzariekin. Eta hara nora atzoko Berrian argazki handi batean ageri diren biak, Irati eta Ane, Goikiria eta Lohitzunekin sokan kalejiran dabiltzala.

Hori dena asteburu bakarrean. Eta maiatza erdian gaude oraindik…

Soka-dantza Santa Kurutzen

Santa Kurutzeko jaiak direla eta soka-dantza egin dugu Santa Kurutzeko ermita ederraren aurrean. Ohi bezala aurreskua, atzeskua eta zerbitzariak Kezkakoak ziren, eta soka auzotarrekin osatu dugu. Felix Elkoroiribe, aurtengo omenduetako bat joan da sokaren aurrealdean.

Aiert Ibarbiak jardun du aurreskulari lanetan eta Oier Ibarbiak atzesku. Lehen desafioan hemen:

Urko atzean, ermita alboan eta Oier Ibarbia soka gidatzen.

Aiert agurra dantzatzen. Ander Fernandez eta Oier A. zerbitzari lanetan.

Bigarren desafioa. Badoa txapela hegaka. Bakarra oraingoan, tradizioa ez hausteko aurten ere ermita gainera joan baita txapeletako bat.

Asteburu betea izan da. Ostiralean Pas de Basque izan genuen Tolosan. Atzo Euskal Jairako entsaio nagusia. Datorren astebururako ere baditugu lanak. Hauxe da maiatza.