Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey
Festarik gabeko San Andres tristeak dira hauek. Eibarko plazak eta kaleak jendez beteta, baserritarren azoka ederra, talo eta txistorra usaina, musika eta dantza, festa eta bizipoza izan ditugun festa falta zaigu aurten.
Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey
Kezka dantza taldeak Plazara Dantzara erromeria ospatu dugu San Andres egunez azken 27 urteotan. Egia da euriaren ―euriteen esan beharko genuke, demasak izan baitira urte batzuetan― eraginez, behin baino gehiagotan bertan behera utzi behar izan dugula dantzaldia, edo euripean saio laburragoak egin behar izan ditugula, baina baserritar jantziak soinean, gehiago edo gutxiago, plazan ala tabernaren aterpean, urte guztiotan inoiz ez da falta izan musika, dantza eta festa. Aurten arte. 2020. A zelako urtea!
Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey
Atzera begira
Besterik ezin egin eta aprobetxatu dezagun ba atzera begiratzeko eta Plazara Dantzara nola abiatu zen gogoratzeko. 1993. urtea zen. Eibarko zenbait dantzari ―Aresatz Usobiaga, Virginia Andres, Enrike Izagirre, Roberto Altzerreka, Oier Araolaza,…― Elgoibarko Haritz dantzari taldearen entseguetara joaten hasita geunden, bertako zuzendari Jose Inazio Sarasua eta dantza-irakasle Lurdes Odriozolarekin gure dantzaren-ezagutza eta funtzionamendu modua hobetzeko asmoz.
Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey
Bertan elgoibarko dantzari belaunaldi harrigarri bat ―Nerea Lariz, Jon Lizarralde, Edurne Odriozola, Abel Iriondo, Garbiñe Gorostiaga, Mikel Legorburu, Arantza Aginako, Kastor Otaegi, Ainhoa Larrañaga, Asier Gorriti,…― ezagutu genuen.
Lurdes Odriozola, Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey
Horrez gain, Debako Gure-Kai taldea eta bertako dantzariekin ―Andoni Iriondo, Nekane Goikoetxea, Iñaki Elosua,…― ere topo egin genuen, gure antzera babes bila Elgoibarrera jo zutenak.
Nekane Goikoetxea eta Iñaki Elosua, Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey
Haritz eta Gure-Kai dantza taldeek, Gabon Zahar eta Soro eguneko ferietan Plazara Dantzara Izeneko erromeria martxan jarrita zuten bi urte lehenago eta Kezka dantza taldea ere gonbidatu “zirkuituan” sartzera.
Edurne Odriozola eta Asier Gorriti, Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose ValderreyBelen Arrizabalaga eta Enrike Izagirre, Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey
Horrela, 1993ko azaroaren 27an, larunbatez, San Andres egunari aurre hartuz, Eibarko lehen Plazara Dantzara erromeria antolatu genuen Eibarko Udalaren laguntzarekin.
Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose ValderreyPlazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey
Jainaga eta Narbaiza trikitilariak eta Elgoibarko udalaren txistulari taldea arduratu ziren musikarekin.
Jainaga eta Narbaiza trikitilariak, Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey
Fandangoa, arin-arina, kalejira, dantza-jauziak, polka, balts eta rantxerak, eta Iribasko ingurutxoa zein Imotzeko esku-dantza dantzatuz.
Ainhoa Larrañaga, Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose ValderreyAiert Ibarbia, Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey
Jose Valderrey-ren argazki sorta eder honetan ongi antzematen da Plazara Dantzarak dantzaren bidez Untzagan jarritako festa eta giroa.
Plazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose ValderreyPlazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose ValderreyPlazara Dantzara erromeria Eibarren, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey
Dantza eskolek beraien jardunarekin jarraitzeko aukera dute oraingoz Euskal Autonomia Erkidegoan eta eskola horietako baten jarduna, Eibarko Kezka dantza eskolarena erakusten du Euskal Telebistako Gaur Egun albistegian agertu den erreportaje honek. Umeez gain helduak ere aritzen dira euskal dantza ikasten Kezka dantza eskolan eta helduen ikastaldietako batean izan dira ETBko kamerak. Kezka dantza eskolako Oier Araolazak eman ditu dantza eskolak dituen osasun onuren inguruko argibideak eta covid19arekin ez kutsatzeko beharrezko neurri guztiak hartuta aritzen direla azaldu dute Mari Karmen eta Edurne ikasleek.
Entsegu bakoitza tarte baterako azkena izan daitekeen sentipenarekin ari gara bizitzen. Baina ari gara. Dantza osasuna dela sinesten badugu, nola utziko diogu dantzatzeari osasunaren izenean? Gakoa neurriak hartzean datzala sinetsita gaude, dantzari eutsi, baina babes neurri guztiak beteta. Dantzan kutsatze arriskua ahalik eta txikiena izatea da helburua, beraz, arauak betetzeaz gainera, ahalik eta modurik seguruenean aritzeko neurriak hartzea. Hauxe da guk egin duguna:
Espazio handiago bat alokatu dugu, talde handiak zatitzeko eta bertan elkarren artean distantzia handiagoa bermatzeko.
Protokoloa ezarri dugu, gehienezko edukiera, sarreran gel hidroalkoholikoarekin garbiketa, distantziak, e.a. guztiak zehaztuz.
Maskarak darabiltzagu jarduera osoan. Badakigu zenbait testuingurutan intentsitate handiko gorputz ariketa egiterakoan baimenduta dagoela maskara kentzea, baina ez dago argi dantzan hori baimenduta dagoen, eta gainera, ez du zentzurik arrisku handieneko unean ―arnasketa areagotzen zaigunean― maskara kentzeak. Babes-neurriez ari bagara, hain zuzen ere une horietan da beharrezkoena musukoa jantzita izatea.
Aireztapen oso ona dugula ziurtatu dugu. Espazio berriak atetzarra du eta osorik altxatzen dugu, eta kalera ematen duten beste bi ate ere irekita izaten ditugu. Gainera altura handia du lokalak, 5 m inguru. Dantza-gela ongi aireztatzen dela ziurtatzeko CO2 neurgailua darabilgu. Neurgailuak 800 ppm-ko langa gainditzen ez duen bitartean adierazten digu gela ongi aireztatzen ari dela. Kopuru horretara iritsiko balitz entsegua bertan behera utziko genuke. Atzo, entsegua hasi aurretik 415 ppm markatzen zituen CO2 neurgailuak. 15 dantzari ordubetez gorputz ariketa bizian aritu ondoren daturik altuena 587 izan da.
CO2 neurgailua Kezka dantza eskolan, Eibar, 2020-11-02. Arg.: Oier Araolaza – Dantzan CC by-sa
Dantza taldea dantza eskolan
Araudiek ez dute dantza taldeez hitz egiten. Dantza jarduera kirolaren ala hezkuntza ez-arautuaren zakuan sartu behar zen erabaki ezinda ibili gara, baina Kezkaren dantza eskola osoa ―ume eta heldu artean 15 talde― hezkuntza ez-arautua dela kontuan hartuta, eta dantza taldearen jarduera dantza eskolakoaren oso antzekoa denez ―irakasle batek gidatzen ditu entseguak eta dinamika dantza eskolako ikasgelen ia-berbera da―, ba erabaki dugu dantza taldea dantza eskolan integratzea. Beraz, dantza taldeko kide guztiok matrikula orriak bete ditugu eta ikasturte honetan dantza eskolako beste ikasgela bat izatera pasatu gara.
Eusko Jaurlaritzaren urriaren 26ko dekretuan, arautu gabeko prestakuntza-zentroak aipatzen ditu 8. puntuan eta bertan dioenez, horietan ikasketa-jarduera “presentziala izan ahal izango da, gehienez ere 25 pertsonaren mugara bitarte. Beharrezko neurriak ezarri beharko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa den”. Horixe da beraz, aplikatzen ari garen araubidea.
Entsegua, Kezka dantza eskolan, Eibar, 2020-11-02. Arg.: Oier Araolaza – Dantzan CC by-sa
Eibarko Klub Deportiboko Argazkilaritza taldearen laguntzarekin, Kezka dantza taldearen argazki-erakusketa izango da ikusgai urrian zehar Deportiboan bertan. Azken hiru urteotan Kezkak egindako dantza-ekitaldietako argazkien hautaketa jaso du erakusketak.
Hamar begirada
Hamar argazkilarik Kezkaren dantza jarduerei eskaini dizkieten begirada desberdinak ageri dira bertan. Hauek dira argazkilariak: Felipe Loiola, Iñaki Zugasti, Gorka Bravo, Ekaitz Zilarmendi, Eire Vila, Malen Jainaga, Josu Garate, Amaia Rodriguez, Jose Valderrey, Idoia Lahidalga eta Fernando Retolaza.
Begirada horietan azken urteotan Kezkak berak eskainitako hainbat emanaldi eta parte hartutako zenbait dantza-ekitaldi ageri dira: Santa Kurutzeko soka-dantza, Eibar 1937 ikuskizuna, Dantza filmaren grabaketa, San Joan eguneko aurreskua, Arrateko ezpata-dantza, Martin Zalakain ikuskizuna, Anberesen (Belgika) eskainitako Arrateko ezpata-dantza, Eibarko Euskal Jaia, Eibarko Dantzari Eguna, Dantzan Biharrian egoitzan egindako ekitaldiak Soka erakusketaren bueltan, Gipuzkoako Diputazioan Urrezko Dominaren ematen ekitaldian eskainitako ezpata-dantza, eta baita azken hilabeteetan musukoekin eta babes neurriekin egindako Euskal Jaiko kalejira edo Coliseoko soka-dantza ere.
Argazki erakusketa: Kezkaren dantza
Antolatzailea: Eibarko Klub Deportiboaren Argazkilaritza taldea
Argazkilariak: Felipe Loiola, Iñaki Zugasti, Gorka Bravo, Ekaitz Zilarmendi, Malen Jainaga, Josu Garate, Amaia Rodriguez, Jose Valderrey, Idoia Lahidalga eta Fernando Retolaza.
Normalitate berria deitzen den honetan dantza eta festak ez dira lehengo tokira itzuli oraingoz. San Juan egunean Eibarren dantzatu ohi dugun soka-dantza Coliseo antzokian egingo dugu eta Eibarko Udalak bere kanalaren bidez zuzeneko emisioan sareratuko du dantza saioa ekainaren 24an, 20:30ean. Coliseo antzokian bertan ikusteko 90 sarrera-gonbidapen jarriko ditu herritarren eskura Eibarko Udalak eta gaur bertan joan daiteke Coliseoko txarteldegira sarrerak eskatzera.
25 urte ondoren
Egoera berezia eta aldaketa handiak dira aurtengo San Juan eguneko aurreskuarenak, baina gora-beheraz eta aldaketaz betetako ibilbidea izan du. Iaz 25 urte bete ziren San Juan eguneko aurreskua berreskuratu zutenetik Usartza txistulari taldeak eta Kezka dantza taldeak Eibarko Udalarekin. 1994ko ekainaren 24an berpiztu zen aurreskua San Juan egunean, eta hain zuzen aurretik beste 25 urte inguru eginak zituen lokartuta.
Aurreskua edo soka-dantza Eibarren, San Juan egunez, 1994-06-24. Argazkia: Jose Valderre – Kezka dantza taldea cc by-sa
1994tik aurrera Eibarko Udal batzak parte hartu zuen soka-dantzan hainbat urtetan, baina 2005ean alkateak ez zuen parte hartu, bai ostera zinegotzietako batzuk, eta 2006tik aurrera udal batzako kideek ez dute parte hartu ekitaldian, eta urtero herriko elkarte eta norbanako batzuk omendu dira San Juan eguneko aurreskuan. 2015ean genero bereizketarik gabeko soka-dantza egiten hasi ginen, dantzari guztiek parte hartzen dute lehen sokan eta ez dago rol desberdinik generoaren arabera.
Argazkia: Felipe Loiola. Dantzan, CC BY-SA
Osasun-langileei omenaldia
San Juan jaietan udalak herriko elkarte eta norbanakoak omentzeko ohitura du eta aurtengo San Juan berezi hauetan gure bizitzak errotik eraldatu dituen covid-19tik babestu gaituzten osasun-langileak omenduko dituzte. Soka-dantzan ere osasun-langileei eskainiko diegu aurreskua eta herriaren soka sinbolikoan sartzera gonbidatuko ditugu. Osasun-langileen ordezkari bi lagun gonbidatu ditugu soka-dantzara: Ane Astigarraga, Eibarko ospitalean covid19ko gaixoak artatzen dituen erizaina eta Iratxe Odriozola, Mendaroko larrialdietan lan egiten duen medikua. Biak osasun-langileak eta dantzariak dira, Elgoibarko Haritz dantzari taldean aritua lehena eta Ermuko Txindurrin dantzari, eta gaur egun batez ere txistulari aritzen dena bigarrena.
Antzokian bertan ikusteko sarrerak
Coliseo antzokian bertan 90 lagun inguru sartu ahal izango dira aurreskua bertan ikusteko. Eserlekuen arteko tarte minimoa, 1,5 m ezarrita, horiek da Coliseoan sartu daitezken ikusleak. Gonbidapen-sarrerak eskuratu nahi dituenak Coliseo antzokiaren txarteldegira jo behar du honako egutegi-ordutegian:
ekainak 19, ostirala, 17:30etatik 19:30etara.
ekainak 22, astelehena, 17:30etatik 19:30etara.
San Juan soka-dantza 2020 online
Antzokira etortzerik ez duzuen beste guztiok pantaila bidez ikusi ahal izango duzue soka-dantza, Eibarko Udalaren kanalean. Hemen xehetasunak, data, ordutegia eta kanalerako lotura:
Zer: Eibarko San Juan soka-dantza.
Nork: Kezka dantza taldea eta Usartza txistulari taldea.
Dantzaren Nazioarteko Eguna apirilaren 29an ospatzen da eta eguna ospatzeko Kaxak eta Kezkak denon artean kate bat eraikitzea proposatzen dizuegu. Animatu zaitez edozein estilo edota gorputzeko atalekin. Graba ezazu bideo bat horizontalean segundu batzuetakoa (5-10s) dantza egiten eta bidali info@kaxa.eus helbidera denon artean estilo anitzeko dantza osatzeko. Emailez jasotako bideoak bakarrik erabiliko dira eta azken data apirilaren 27a 23:59ak arte izango da.
Koko-dantzariak, koko-marruak eta musikariak San Andres parrokiaren aurrean, Eibar, 2019-02-23. Argazkia: Fernando Retolaza – Kezka dantza taldea CC by-sa
Otsailaren 15ean aterako dira koko-dantzak Eibarren. Arrate-balle eta Gorosta auzoaren zati bat bisitatuko ditugu 2020an. Eibarko Arastosteek keinu berezia egin diote aurten gainera koko-dantzei. Karnabalen programazio iragartzen dituen kartelean koko-dantzarik eta koko-marruak dira protagonista. Joseba Imanol Vilas artista donostiarrak egindako afitxa honek irabazi du urtero Eibarko inauteriak iragartzeko egiten den kartel lehiaketa.
Aratosteak 2020 Eibarren. Kartelaren egilea: Joseba Imanol Vilas.
Koko-dantzariaren kapela gainean, loreak bailitzan ageri zaizkigu koko-dantzari eta koko-marruak, tartean direla Sasikartia, Hartza, masustak, Martin perratzailia, Arraguetako Ama Birjina, Batista kojua, burburixuak, Kattalin eta Manuela, Petra, e.a.
Koko-dantzak 2020
2019ko otsailaren 15a, larunbata:
8:30 Merkatu plazan lehen agerraldia.
9:00 – 15:00 Koko-dantzak eta koko-eskea Arrate-balle eta Gorosta auzoko baserrietan.
19:00-21:00 Anbulategian batu eta Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga, Kalbeton eta Plaza Barria kale eta plazetan koko-dantzak Mauxitxarekin.
Urrezko Dominaren ezpata-dantza Donostian, 2019-12-18. Argazkia: Gorka Bravo
Pasa den abenduaren 18an egin da Donostian, Gipuzkoa Plazan, Gipuzkoako Diputazioaren Jauregian, 2019ko Urrezko Dominaren ekitaldia. Eta azken 15 urteotan bezala, ezpata-dantza izan da omenduei harrera egiten. Aspegiri, emakume profesional, enpresari eta zuzendarien elkarteari eskaini dio errekonozimendua Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019ko Urrezko Dominaren ekitaldian.
Izan ere, hamabost urtetik gora dira Gipuzkoako Diputazioaren Urrezko Dominaren ekitaldian ezpata-dantza egiten hasi zela. 2003. urtean izan zen lehen aldia. Gipuzkoako Diputatu Nagusia Ikerfolk elkartearekin harremanetan jarri zen, Juan Antonio Urbeltzekin hain zuzen ere eta erakunde horrek ematen duen errekonozimendu nagusia izanik, ekitaldi horren neurriko protokolo koreografikoa prestatzeko enkargua egin zion.
Ezpata-dantza Gipuzkoako Urrezko Dominaren ekitaldian, 2013-12-23. Argazkia: Oier Araolaza – Dantzan CC by-sa
Urbeltzek ezpata-dantza proposatu zuen, hain zuzen ospakizun egun handienetako dantza. Ikerfolkeko lantaldea ezpata-dantza antolatzeko lanean jarri zen.
Urrezko Dominaren ezpata-dantza Donostian, 2019-12-18. Argazkia: Gorka Bravo
Hil eta berpiztu
Azken hamarkadan ezpata luzeekin eta lau lerrotan egiten diren ezpata-dantzak ohikoak bihurtu badira ere, 2003an ez-ohikoak ziren. 1936ko gerra aurrean, Zaldibian Juan Inazio Iztuetari egindako omenaldian edo Donostian Santa Maria basilika aurrean egindako ezpata-dantzen irudiak badira, baina gerra ostean ezpata-dantzak bakandu eta egiten zirenak bi lerrotakoak izan ziren gehienetan.
Ezpata-dantza Zaldibian Juan Inazio Iztuetaren omenaldian, 1929-09-01.
1970eko hamarkadan Argiak Gipuzkoako dantzen berrikusketa lan sakona abiatu zuen eta hortik plazaratu ziren berriz lau lerrotako ezpata-dantzak. 1980-90eko hamarkadetan zenbait ekitaldi handitan eskaini ziren lau lerrotako ezpata-dantzak: Manuel Larramendiri eskainitako omenaldian Andoainen, Anoeta estadioaren inaugurazioan (1993), Kursaaleko kuboen inaugurazioan (1999), Elgoibarko San Bartolome egunean (1994) eta herriaren sorreraren 650. urteurrenean (1996) eta Goizaldi dantza taldearen 50. urteurrenean (1999), adibidez, baina bereziki aipagarria da 1988tik 1994ra bitartean, Zortziko eta Alakiketan ikuskizunaren bidez Euskal Herri osoan erakutsi zuela Argiak, eta baita Parisen eta Madrilen ere.
Ezpata-dantza Argia dantzari taldearen Zortziko (1988) ikuskizunean.
Gipuzkoarren ezpata-dantza
Urrezko Dominaren ekitaldian egiten den ezpata-dantza ez da talde bakar bateko dantzariekin osatzen, hainbat taldetako dantzariekin baizik. Hori horrela izan da 2003an, Urrezko Dominaren ekitaldian egin zen lehen ezpata-dantzatik, eta hurrengo urteetan sakontzen joan da talde osaketa anitz hori. Argia taldearen Zortziko ikuskizunean du jatorria eredu ireki horrek, eta taldeen egiturak gaindituz dantza proiektuak konpartitu eta elkarlanean aritzeko bidea ematen du.
Urrezko Dominaren ezpata-dantza Donostian, 2019-12-18. Argazkia: Gorka Bravo
Horrela, Ikerfolken zuzendaritzarekin, Argia, Haritz, Arkaitz, Gure-Kai eta Kezka dantza taldeetako dantzariekin eta Elgoibarko udalaren txistulari bandako musikariek osatu zen 2003ko ezpata-dantzarien taldea. Gipuzkoako ekitaldi instituzionala izanik ordezkaritza hori Gipuzkoa osoarena izateak, sinbolikoki beste neurri bat hartzen zuela ikusita, ondoko urteetan gehiago zabaltzen joan da parte hartzen duten taldeen zerrenda: Aurtzaka, Udaberri, Urki, Eraiki, Kemen, Goizaldi, Sahatsa, Itxaropena,… eta azken urteotan Indarra eta Dantzertitik ere bai, Gipuzkoa mendebaldera zein hegoaldera nahi adina hedatzen dela agerian jarriz. Parte hartze hau irekia da eta beraz, hurrengo urteetako ezpata-dantzetan parte hartu nahi duten talde eta dantzariek gurekin harremanetan jarri besterik ez dute. Txistulariei dagokionez, Usartza txistulari taldeak jotzen du ekitaldi azken urteotan.
Urrezko Dominaren ezpata-dantza Donostian, 2019-12-18. Argazkia: Gorka Bravo
2019ko ezpata-dantza
Abenduaren 18an, arratsaldeko 18:00etan, ezpata-dantza Diputazioaren Jauregiko ate nagusitik atera da txistulariak aurretik dituela. Gipuzkoa Plazaren ertzeko kalea zeharkatu du Diputatu Nagusiaren ondoan dauden omenduei, Aspegi elkarteko ordezkariei harrera egitera. Bi zubi egin dira ezpatatekin haien aurrean eta ondoren ezpata-dantza dantzatu dute lau azkendariek eta gidariak. Segidan, beste zubi bat egin eta etorritako bidetik itzultzen hasi da ezpata-dantza, Diputatu Nagusia eta omenduak atzetik dituela. Ate nagusiaren aurrean, korrika hasi dira ezpata-dantzariak eta erdiko aurkepan ezpatekin arkua osatu dute omenduak azpitik pasaz Jauregira sartu daitezen. Gainontzeko diputatuak egin diete harrera bertan omenduei, eta segidan, dantzarien bi kapitain aurretik dituztela igo dira ekitaldia burutuko den aretora.
Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, eta Argiako Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Iñaki Arregik gainbegiratuta, Argia, Arkaitz, Aurtzaka, Gure-Kai, Haritz, Dantzerti, Urki, Indarra eta Itxaropena taldeetako dantzariek parte hartu dute ezpata-dantzan. Ezpata luzeekin aritu dira: Leire Dorronsoro, Anne Garzia, Helene Nater, Oihane Sarriegi, Iera Larrañaga, Egoitz Irazabalbeitia, Aitor Marañon, Maren Basterretxea, Ana Ochoa, Sara Calderon, Maider Callejon, Eñaut Egaña, Sonia Antolinez, Ainhoa Mujika, Asier Garmendia, Amaia Loiola, Maider Mantecon, Mikel Legorburu, Oier Araolaza, Enrike Izagirre, Ainhoa Larrañaga, Jokin Hazas, Asier Estivariz eta Amaiur Aristi. Azkendariak izan dira Igor Baroja, Miren Hazas, Ainara Aizpurua eta Andoni Alonso. Kapitainak: Amaia Loiola eta Gari Otamendi. Gidaria: Josu Garate.
Arrakastaz abiatu du 2020 urtea Martin Zalakainek Gasteizen. Harrera bero-beroa eskaini diote gasteiztarrek ikuskizunari eta kultura eta politikaren alorreko hainbat ordezkarik gozatu eta gorapaitu dute emanaldia: Bernardo Atxaga, Mikel Urdangarin, Jozu Zabala “Hertzainak”, Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako presidentea edo Iñigo Urkullu Lehendakaria bera ere.
Bernardo Atxaga eta Asun Garikano Martin Zalakain ikusgarriko Mikel Urbeltz, Gari Otamendi eta Iñaki Arregirekin, 2020-01-04. Argazkia: Oier Araolaza – Dantzan CC by-saIñigo Urkullu Lehendakaria eta Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako presidentea Gasteizko Printzipal Antzokian Martin Zalakain ikusteko prest, 2020-01-04. Argazkia: Irekia.
Urtarrilak 18, Elgoibar
Etxe-ingurura gatoz berriz ere, eta laster gainera, datorren urtarrilaren 18an Elgoibarren, Olaizaga kiroldegian eskainiko baitugu Martin Zalakain. Arratsaldeko 20:30ean izango da emanaldia, eta sarrerak salgai dira dagoeneko Kutxabanken bidez.
Martin Zalakain, Gasteiz, 2020-01-04.
2020ko emanaldi egutegia
Gasteizen hasi eta Donostian bukatuko dira Martin Zalakainen 2020ko dantza-abenturak. Tartean Elgoibar, Zornotza, Deba, Beasain, Hondarribia, Astigarraga eta Portugaleten eskainiko dira emanaldiak. Hona egutegi osoa:
Plazara Dantzara Eibarren, 2017-11-30. Argazkia: Iñaki Zugasti – cc by-sa
Gathubi taldearekin eta Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin erromeria bana ospatuko dugu asteburu honetan ospatuko diren San Andres jaietan. Eta igandean, Kulturen Arteko Festan, kulturen arteko soka-dantza egingo dugu.
San Andres azokan Plazara Dantzara
Ohi bezala, eta 25 urtetik gorako tradizioari eutsiz, Plazara Dantzara erromeriak egingo ditugu San Andres festetan. Azaroaren 30ean egin ohi den azokaren baitan, eguerdiko 12:30etan, Jainaga eta Narbaiza trikitilarien eskutik ohiko dantzaldia izango da Untzaga plazan.
Jainaga eta Narbaiza trikitlariak Eibarren, 2017-11-30. Argazkia: Iñaki Zugasti – cc by-sa
Arratsaldean, 18:00etan, Untzaga plazan bertan (eta euria balego Txantxa-zelaiko karpan) beste dantzaldi bat izango dugu, oraingoan, Iruñeko Gathubi taldearen doinura plazako dantzak eginez gozatzeko aukera izango da.
Gathubi plazako musika taldea Ezoziko (Soraluze) erromerian, 2019-06-08. Argazkia: Oier Araolaza – Dantzan cc by-sa
Kulturarteko soka-dantza
Biharamunean, igandean, abenduaren 1ean, Kulturarteko Topaketa ospatuko da. Bateko eta besteko sukaldaritza, henna tatuaje tailerra, marokiar musika, eta afrikar perkusio eta dantzak izango dira goizeko 10:00etatik Untzaga Plazan, eta 13:30ean, kulturarteko soka-dantza egingo dugu.
Kultura-arteko soka-dantza Eibarren, Kezka dantza taldearekin, 2017-12-17. Argazkia: Fernando Retolaza CC by-sa.