CD Eibar Atletismo taldeko Ugaitz Gartzia atleta uztailaren 19an jokatuko den Espainiako U20 Atletismo Txapelketan izango da, 3.000 metro oztopoetako proban. Estatuko kategoria honetako atletarik onenak bilduko dira Albaceteko Unibertsitateko Atletismo Pistan, eta eibartarrak bertan izango du bere denboraldiko erronka nagusia.
Ugaitzek denboraldi bikaina osatu du orain arte. Martxoan, Gipuzkoako Aire Libreko Txapelketa Absolutuan brontzezko domina eskuratu zuen, senior mailako atleta onenekin lehiatuz. Hilabete batzuk geroago, ekainaren 6an eta 7an Durangoko Landako Atletismo Pistan jokatutako Euskadiko Aire Libreko Txapelketa Absolutuan, beste urrats garrantzitsu bat eman zuen: laugarren postua lortu zuen 3.000 metro oztopoetako proban, podiumetik oso gertu geratuz, eta, gainera, 9:18.72ko marka pertsonal onena (MMP / Personal Best) ezarri zuen.
Marka horrek Espainiako U20 Txapelketan parte hartzeko gutxieneko marka gainditzeko aukera eman zion, eta, horrenbestez, Albaceten izango da CD Eibar ordezkatzen.
Txapelketa uztailaren 19an jokatuko da, eta Ugaitzen proba arratsaldeko 18:50ean hasiko da. Hitzordua Real Federación Española de Atletismo, Federación de Atletismo de Castilla-La Mancha eta Albaceteko Udalak antolatzen dute, eta bertan elkartuko dira Estatuko atleta gazterik onenak, tartean Ugaitz. Faboritoak, marka onenak dituzten CA Lloret-La Selva taldeko Bakr El Asri Mohsine eta Facsa – Playas de Castellón taldeko Marti Torregrossa Pons atletak dira. Gainera Ugaitz Gartzia eibartarrarekin batera beste 4 atleta euskaldun sailkatu dira finalerako, Bidasoa Atletico taldeko Julen Mendoza eta Lukas Cabezon, Hiru-Herri taldeko Aimar Domeño Osaba eta Valdizarbe-Gana-ko Youness Ait Ali Ouichou. Interesatuentzat, hemen jarraitu daiteke Albacete-ko 2026 urteko Espainiako U20 Atletismo Txapelketan.
Espainiako Txapelketarako sailkapena denboraldi osoan egindako lanaren eta etengabeko hobekuntzaren emaitza da. Gipuzkoako brontzea, Euskadiko Txapelketako laugarren postua eta marka pertsonal berria dira Ugaitzek azken hilabeteetan erakutsi duen progresioaren adierazle argiak.
Deporretik ilusio handiz jarraituko dugu bere parte-hartzea, eta ziur gaude Eibarko atletismoa maila gorenean ordezkatuko duela.
Zorte on, Ugaitz! Eibar zurekin izango da Albaceten.




Deja una respuesta