Klub Deportiboko atletismoak beste asteburu intentsu eta oparoa bizi izan du atleta gazteen eskutik. Bost atleta 16 urtez azpiko Euskadiko Txapelketan aritu dira lehian Bilbon, Zorrotzako Atletismo Pistan eta beste bostek Lasarteko Atsobakar Atletismo pista berrian, non Gipuzkoako Eskolarteko Proba Konbinatuen Txapelketan parte hartu duten, klubeko harrobiaren maila eta konpromisoa berriro erakutsiz.
Maiatzak 16 eta 17an, Euskadiko U16 Txapelketa Bilbon,
Maiatzaren 16an eta 17an jokatu da 16 urte azpiko Euskadiko U16 Txapelketa Bilbon, Zorrotzako Atletismo Pistetan, eta bertarako sailkatu eta izan dira lehian Deporreko bost atleta federatu: Malen Anderez, Naia Astigarraga, Sonia Mendy, Oier Atxa eta Unai Alvarez.
Bilboko Zorrotzako atletismo pistak Euskal Herriko oinarrizko atletismoaren erdigune bihurtu dira asteburu honetan, Euskal atletismoaren egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako batean, 500 atleta gazte baino gehiago elkartu dira bi jardunaldi bizitan, abiadura, erdi-fondoa, jauziak, jaurtiketak eta erreleboak uztartuz.
Bilbao Atletismo klubak, Euskadiko Atletismo Federazioak eta Bilboko Udalaren laguntzarekin antolatutako txapelketan, Euskadiko atletismoaren etorkizuneko promesa handienetako batzuk izan dira lehian. Larunbat arratsaldean hasi ziren probak mailu jaurtiketa, 100 metro, luzera eta altuera modalitateekin, eta igandean goizez jarraitu zuen lehiaketak, besteak beste hiruko jauzia, xabalina, pisu jaurtiketa edo 300 metro hesiak bezalako diziplinekin. Txapelketa 4×100 erreleboekin amaitu zen.
Testuinguru horretan aritu dira Deporreko gure atletak ere, esperientzia eta maila handiko txapelketa batean parte hartuz eta euren marka pertsonalak hobetzea lortuz. Benetan zoriontzekoa da Txapelketan parte hartu zuten CD Eibar Atletismo taldeko ia ordezkari guztiek euren marka pertsonalak (MMP) hobetzea lortu zutela probaren baten, denboraldi honetan egiten ari diren lan onaren eta entrenamenduetako ahaleginaren erakusgarri. Honakoak izan dira larunbata eta igandeko emaitzak.
Sub 16 gizonezkoak 100 metro
- Unai Alvarez Solana: 100m 12.22 s (MMP), finalista, Euskadiko 8. postuan
- Oier Atxa Valdemoros: 100m 12.97 s (MMP), Euskadiko 16. postuan
Sub 16 emakumezkoak 100 metro
- Naia Astigarraga Berasaluze: 100m 13.60 s (MMP) Euskadiko 15. postuan
- Sonia Mendy Gomis: 100m, 14.02 s Euskadiko 26. postuan
- Malen Anderez Aristi: 100m, 14.06 s (MMP) Euskadiko 27. postuan
Sub 16 emakumezkoak 300 metro
- Malen Anderez Aristi: 300m, 47.75 s Euskadiko 16. postuan
Sub 16 emakumezkoak Pisu jaurtiketa
- Sonia Mendy Gomis: 8.45 m, eta Euskadiko 5. postua
Esan bezala, Euskadiko Txapelketa Bilboko Zorrotzako pistetan jokatu da, azken urteotan berritu diren instalazioetan, eta Txapelketako ordutegiak, parte-hartzaileen zerrendak eta emaitzak kontsultatzeko:
RFEA Live – Euskadiko U16 Txapelketa
Eta hemen Txapelketaren aurkezpena:
Maiatzak 17an Gipuzkoako Eskolarteko Proba Konbinatuen Txapelketa Lasarten
Bestalde, beste bost atleta Gipuzkoako Eskolarteko Proba Konbinatuen Txapelketan aritu dira lehian Lasarten, klubeko harrobiaren dinamismoa eta atletismoaren oinarrian egiten den lan sendoa berriro agerian utziz. Eibar CD Atletismo Eskolatik sailkatutako ordezkariak honako hauek izan dira: Luke Litago, Isabel Pita, Lucia Arkotxa, Danel Zubia eta Iker Caño.

Zonako faseetan kategoria bakoitzean sailkatutako lehen 24 atletek baino ezin zuten parte hartu Gipuzkoako final honetan, eta horien artean izan dira Deporreko Atletismo Eskolako bost ordezkariak, alebin kategorian.
Gipuzkoako Txapelketako proba konbinatuak honakoak dira:
- LUZERA
- PISUA
- 60 M abiadura
Proba nahasi edo konbinatuen sailkapena proba bakoitzean lortutako markak ematen dituen puntuen arabera da. Irabazlea diziplina guztietan metatutako puntuen kopuru osoaren arabera erabakitzen da. Marka bakoitzaren emaitzak puntu bihurtzen dira World Athletics-en taula ofizialen bidez, eta ez proba bakoitzean lortutako postuaren arabera.
Gure ordezkariak honela sailkatu dira:
Alebin neskak
- Isabel Pita, 9. postua 1013 puntu
- Luke Litago, 10. postua 1010 puntu
- Lucia Arkotxa 20. postua 844 puntu
Alebin mutilak
- Iker Caño, 14. 682 puntu
- Danel Zubia, 15. 657 puntu
Zorionak guztioi!
Eskolarteko 2026ko Txapelketaren azken jardunaldia Eibarren
2025-26 denboraldiko Eskolarteko Txapelketaren azken jardunaldia Eibarren izango da. Datorren maiatzaren 31an igandean, C.D.Eibarrek Gipuzkoako Atletismo Federazioak eskuordetuta, Gipuzkoako kluben eta ikastetxeen arteko alebin mailako txapelketa antolatuko du Unbeko Atletismo Pistan. Hemen Gipuzkoako Atletismo Federazioak argitaratutako araudia



Deja una respuesta