Indalezio Ojangurenen biografia

FOTOGRAFO AGUILA (1887-1972)

Egilea/Autor: Jose Valderrey, 2004

1924 aprox. Ojangurenen autoerretratua, Alluitzera begira Astxikitik./Eibarko Klub Deportiboko artxiboa.

ARRANO-ARGAZKILARIAREN KONDAIRA

Indalezio Ojanguren argazkilari ospetsua eta euskal mendizaletasunaren aitzindarietako bat izan zen. Eibarko Klub Deportiboko sortzaileetako bazkidea 1924an, ehun mendiko lehiaketa lortu zuen lehenengo gipuzkoarra izan zen -geroago beste zazpi aldiz amaituko zuen-, baina batez ere propagandista grafiko ikaragarria izan zen. Bista panoramika handiak egin zituen beirazko plaketan eta autoerretratu ugari egin zituen mendi gailurretan; mendi inguruneko lana, bertan bizi ziren euskal tipoak eta euren ohiturak dokumentatu zituen. Gailur eta zeruei atera zizkien argazkiak, euskal alpinismoaren aitzindariak eta Euskal Mendi Federazioak Elgetan egindako bilerak betirako gorde zituen eta, bere kamaraz lagunduta, inoiz ere ez zien kale egin Euskal Herriko edozein txokotan kirol, jai eta erlijio kutsuko kontzentrazio handiei.

Aldizkako hogei bat publikazioko ohiko kolaboratzaile izan zen, eta bere argazkiak boletin lokaletik hasita entziklopediak irudiztatzeraino iritsi ziren; argazki lehiaketak irabazi zituen eta hainbat hiriburutan erakutsi zituen bere lanak. Gaur egun, bere argazkiak berriro ere lehenengo lerrora bueltatu dira, dituzten balore dokumental, etnografiko eta artistikoak direla-eta.

Ojanguren atsegina eta apala zen aldi berean, baina “zituen dinamismoari, lanerako izugarrizko ahalmenari eta bildumatzaile intuiziozko tenperamentuari esker, lortu zuen, bizitzan erakutsitako iraupenez eta jarrera sendoz, mila eta mila kilometro oinez egitea, eta bere artxiboan paisaiak, gailurrak, baserriak, armarriak, elizak, baselizak, udaletxeak, herritarrak, pertsonalitateak, ohiturak, eszenak, monumentuak, etb. biltzea”. Bere argazkilari lanbidean eta mendi zaletasunetan izandako konstantziak Eibarko esparrutik azkar batean zabaldu zen kondaira ehuntzen joan zen, argazkilaritzaren historian eta euskal alpinismoan aparteko figura bihurtu arte. Arrano Argazkilariak mende erditik gora egin zuen bera hil eta gero ere iraun duen merezitako ospea eman zioten zaletasun biak uztartzen.

Arrano Argazkilariaren mitoa eta mendizale moduan izan zuen konstantzia ondo islatuta dago Juan San Martinek (Pyrenaica, 1967) kontatutako ondorengo anekdotan: “Aramaioko (Araba) baserri batzuen inguruan, eta bertakoekin aldiune batean hitz egin eta gero, Eibar izena entzundakoan, agure zahar batek esan zion urte asko-asko zirela bertatik pasatu zela Ojanguren argazkilaria, hura ere Eibarkoa zena. Orduan bai harrituta geratu zela adineko emakume hura, gure argazkilaria ezagutzera eman zenean esanez bera zela aspaldi hartan pasatu zena. Orduan emakumeak adierazi zion: “Baina zu ez zara izango antzinako Ojanguren; zu haren semeren bat izango zara”.

Ojanguren, propagandista alpinoa

Hogeigarren hamarkadan mendiari eskainitako erakusketa baterako, “Alpinismoa praktikatu” muntaia egin zuen, bere lanaren erakusgarri bikaina. Koadro horretan laburbiltzen da Ojangurenek argazkilari eta mendizale moduan zituen askotariko alderdiak. Argiaren eta perspektibaren kontrol ezin zehatzagoarekin, hor sartzen dira bista orokorretatik hasita malkor malkartsuen xehetasunerainoko irudiak, bide batez gizona eta paisaia bat bihurtuz ardura handiz osatutako konposizioetan. Ojanguren humanista, behatzaile, piktorialista eta etnografoa izan zen. Naturaren aurrean ipintzearen une horretako magia adierazten du eta gozamen estetiko hori eskaintzen du, bere urratsak jarraitzera animatuz. Koadro horrek ezin hobeto laburtzen du berak mendia ulertzeko zuen era eta bere zaletasunak zabaltzeko joera.

Arrano Argazkilaria, ehun mendiko lehiaketan aitzindaria Gipuzkoan, propagandista grafikorik onena moduan aitortu zuten askotan. 1926ko ekainaren 20an, Elgetan Alpinismoko Euskal eta Nafarroako Federazioaren sorkuntzaren urte bira, eman zioten Irukurutzetako Pol Pol iturrian “ezaguturatzaile grafiko handienarendako Urrezko domina”, eta 1927an Madariagan (Izarraitz) omenaldia eskaini zioten “alpinismoaren alde egindako propaganda grafiko trinko, gartsu eta desinteresatuarengatik”, eta 1934an Merituaren Domina eman zioten egindako ezagutaratze lanarengatik.

Urte haietan Ojangurenek erakusketa mordoa egin zituen Euskal Herria, Picos de Europa, Sierra Nevada, Pirinioak, Marokko… euskal hiriburu guztietan.

1924ko abenduaren 30ean La Voz de Gipuzkoak bere korrespontsal grafikoaren mendizale alderdia goraipatzen du. 1934ko urtarrilaren 28an Excelsius kirol egunkariak, Alpinismoko iganderoko bere orrialdean, Ojanguren bertako ohiko kolaboratzaile grafikoa eta batzuetan baita idazlea zela (1934ko urtarrilaren 7an “Picos de Europara txangoa” izenburuko artikulua kaleratzen du), “Argazki erakusketa artistikoa Eibarren. Ojanguren argazkilari alpinistak bere lan onenak erakusten ditu” adierazten du. Antonio Ferrer “Haitzuloetako Gizona” artikuluaren egileak erakusketako argazki birekin janzten du artikulua, bat Pico Veletaren irudiarekin eta bestea Melillako mendiak dituena.

Diktadura sasoian, Mendiko Ordezkaritza Erregional berriak ere omenaldia egin zion 1943an, Elgeta herri sinbolikoan, eta erregional mailako Mendiko Merituaren domina -bere kirol lorpenengatik eta, batez ere, mendiko reporter grafiko moduan egindako lanarengatik- ezarri zioten eta, hiru urte geroago, Aitzgorrin Mendiko Kirol Merituaren Domina Nazionala eman zioten. Ojanguren, Eibarko K.D.ko bazkide sortzaileetakoa izateaz gain, hainbat alditan Mendi batzordeko eta Zuzendaritza Taldeko presidentea ere izan zen. 1953an omenaldia egin zioten IX. “Indalezio Ojanguren Mendi Argazkilaritzako Areto Nazionalarekin”. Bere azken urteetan omenaldi ugari jaso zituen: Aitzgorri, Zumarraga, Elgeta, Arrate… 1967an Eibarko K.D.ak Ohorezko presidente izendatu zuen.

1972ko otsailaren 18an hil zen Indalezio Ojanguren Arrillaga. Ojanguren hil zen urte berean eskabadorak bere estudioa bota zuten armagin herriko San Juan kalea zabaltzeko. Urte batzuk geroago Eibarko Udalak, haren merituak errekonozitzeko, bere izena ipini zion kale bateri.

Baina bere irudiak geratzen dira, ezagutu gabe ere irudikatzeko aukera ematen digun itzalez eta argiez osatutako aro baten oinordetza grafikoa. Gaur egun, Ojangurenen artxiboa Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, eta 8.000 argazkitik gorako fondoan dago jasota, Tolosan Gipuzkoako Artxibo Orokorraren zainketapean dauden beirazko euskarria duten plaka askorekin. Une honetan digitalizazio prozesuan daude, eta fondoa osatzen duten serie ezberdinak Interneten bidez kontsultatzeko aukera izan dadin ideia errealitate bihurtzeko bidean. Horrez gain, aipatutako fondoaren kopia Eibarko Udalaren Udal Artxiboan dago. Ojangurenen irudiak aurkitu daitezke ere Kutxako Fototekan, Zarautzeko Photomuseumean, Prentsa artxiboetan eta, jakina, Eibarko Klub Deportiboan, urte askotan bertako presidentea izan baitzen bera.