Eibarko Klub Deportiboa - Club Deportivo Eibar - Harremanetarako formularioa

Tuesday, September 11, 2007

Benasqueko Txapelketaren Kronika

Uztailean, Deporreko jokalari batzuk Benasquen egon ziren bertako nazioarteko xake txapelketan (hemen kontatu genuen: bat bi eta hiru. Hona hemen Haritz Garrok txapelketa eta ingurukoei buruz idatzitako kronika.

Uda honetan, Eibarko hiru xakelarik (Diegok, Eduk eta nik) Benasqueko Ireki Internazionalean parte hartu genuen Uztailaren 4tik 15era. Mikelek, bestalde, asteburu bateko bisita egin zigun. Txapelketa hau Espainiako garrantzitsuenetariko bat da partehartzeari dagokionean, 400 bat pertsona biltzen baitira bertan xake-taula baten aurrean orduak pasatzeko. Euskaldun ugari egon ziren bertan, gutxi gorabehera 40 bat lagun, eta gure espedizioa Gipuzkoako hamar bat gaztek osatu genuen. Gehienok hilabetearen lehen egunean joan ginen bertara, turismoa egiteko asmotan.

Benasque Pirineoetako herrixka bat da, eta neguan eskiatzaile ugari gerturatzen dira bertara. 1000 bat metroko altueran eta mendiz inguratuta, paisaia zoragarri eta lasaitasun handiko tokia da. Bertako eraikinak oso esanguratsuak dira eta jendea oso atsegina da. Orain dela egun pare bat Espainiako Itzulia bertatik pasatu zen, Cerlerren amaitutako etapan.

Orokorrean esan daiteke txapelketa bikain joan zela guretzako, denok lan oso ona burutu baikenuen. Ranking-ean gorago zeuden aurkarien aurkako garaipenak oso ugariak izan ziren gure artean. Pertsonalki pozik geratu nintzen egindako lanarekin, 10 partidetatik 5,5 puntu atera eta partida on batzuk jokatu nituelako.

Egonaldia ez zen, ordea, xakean aritzera mugatu. Lehenik eta behin, apartamentu batean egoteak suposatzen dituen ardura eta eginbeharretara moldatu behar izan ginen. Bestalde, xakeaz aparte beste aktibitate batzuk jorratzeko aukera ere eduki genuen, hala nola futbola edo parranda. Futboleko esperientzia ez zen oso ona izan, Euskal Herriko selekzioak Kanariar Irlekin bana berdindu (epailearen erruz, dena esan beharra dago) eta Aragoiekoengandik jipoia jaso ondoren. Parrandan, ordea, urrezko domina lortu genuen.

Espero dugu hurrengo urtean esperientzia errepikatzea, eta Mikelek ere txapelketan parte hartzea. Seguru nago askoz jende gehiago apuntatuko dela gurekin etortzera. Zintzilik geratu dena futbol txapelketa izan da, eta konbentzituta nago hurrengo urtean hobeto moldatuko garela arlo horretan.

Bidaltzailea: erral. 22:21 Atalak: Txapelketak | Lotura | Erantzunak (0)

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Erantzun