Donostiako Gros Xake Taldeak irabazi zuen, 62 puntu lortuta, larunbatean Eibarko Untzaga Plazan jokatu zen Jose Mari Kruzetaren omenezko XXIII Eibarko Hiria xake partida azkarren txapelketa.
Euskal Herri guztiko 18 talde eta 75 jokalari bildu zituen txapelketa arratsaldeko 16:30tatik 20:30tara jokatu zen, Gros Xake Taldeak ez zuen zailtasun larregirik izan txapelketa eramateko, 6 puntu bakarrik utzi baitzituen irabazi gabe.
Donostiarren atzetik iazko txapeldunak, Errenteriako Fomento-Beraun taldeko jokalariak gelditu ziren 57 punturekin, eta hirugarren postuan Abadiñoko jokalariak. Eibarko Klub Deportiboak hiru talde aurkeztu zituen txapelketan, eta 7. (38 punturekin), 15. (20.5 punturekin) eta 17. (11 punturekin) postuetan sailkatu ziren. Haritz Garro, José Ricardo Gomez, Emilio Freire, Jon Arana, Manuel López, Edu Olabe, Mikel Baena, Julen Garro, Bruno Belar, Jon Zarraua, Ander Egurrola, Xabier Ruiz, Manuel Paredes eta Jokin Larrañaga izan ziren eibartarren koloreekin jokatu zuten jokalariak.
Mahai bakoitzean jokatu zuen jokalari onenari emandako sariak hauexek izan ziren:
- 1go mahaiko jokalari onena: Txus Agirretxe (Fomento) 16 puntu
- 2. mahaiko jokalari onena: Elvis Hernandez (Gros) 14.5 puntu
- 3. mahaiko jokalari onena: Ivan Muñoz (Gros) 16 puntu
- 4. mahaiko jokalari onena: Luis Olaizola (Gros) 16 puntu
Sari banaketan Ana Rodriguez, Eibarko Udalaren Kirol gaietako zinegotzia, Margari Olañeta Jose Mari Kruzetaren alarguna eta Mikel Larreategi Eibarko Klub Deportiboaren presidentea egon ziren.
Eibarko Klub Deportiboaren Xake Joko Batzordeak, eskerrak eman nahi dizkie azken urte honetan bere lana aurrera eramateko laguntza eskaini dioten pertsona eta elkarte, bereziki Arrate Kultur Elkarteari (Gipuzkoako Txapelketa Nagusia antolatzeko eskainitako laguntzagatik) eta Eibarko Udalari. Baita Eibarko komunikabideei ere, gure lana ezagutarazteko emandako laguntzagatik.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.