Eibarko Itzulia 2021

Eibarko Itzuliaren kartela

Bi urtean behin egiten dugun bezala, aurten ere Eibarko Itzulia egingo dugu ekainaren 5ean. Azken urtea berezia izan denez eta gure hainbat ekintza eta irteera ezin izan ditugunez egin, Eibarko Itzuli hau berezia izango da eta mimoz prestatzen saiatu gara. Guztion elkarlana eskatzen dugu Itzuli hau ondo irten dadin. Hori dela eta jarraibide batzuk prestatu ditugu eta jarraian azaltzen ditugu:
  Irteera 7:00tan Eibarko Klub Deportiboan, ez da izen-ematerik egin behar. Kamisetak Deporren egongo dira salgai 7 €an maiatzaren 25etik aurrera.  

Toribio Etxebarria kalean gehienez 6 laguneko taldeak egingo dira eta taldeen artean segurtasun-distantzia mantendu beharko da.

Irteera mailakatu egingo da pilaketarik ez egoteko.

Irteera neutralizatua egingo dugu korrikalarientzat izan ezik eta partehartzaile guztiak horretarako jarriko den zintaren atzetik joan beharko dira Olarreagaraino.

Bi anoa postu egongo dira: bata Asurtza auzoko Santiago ermitan eta bestea Arrateko Santutegian. Bertan pilaketak saihestu eta bakoitzak bere hasierako taldeak mantentzeko deia egiten dugu. Anoa postura heltzerakoan maskara erabiltzea gomendatzen dugu.

Kamiseten eredua

Jarraibide orokor gisa zentzuz jokatzea, pilaketak saihestea eta guztion arteko elkarlana izatea eskatzen diegu parte-hartzaile guztiei.

Herrigunean eta segurtasun distantzia mantentzea ezinezkoa den une guztietan maskara edo musukoa erabiltzea derrigorrezkoa da.

Klubeko taberna irekita egongo da eguerditik aurrera, itzulia egin ostean zerbait hartu nahi duten guztientzat.

Ibilbidearen erdia bakarrik egin nahi duenak, Azitain auzoan amaitu dezake ibilbidea.

Ibilbidea puntu horiekin, zintarekin eta seinaleekin markatuta dago herrigunean izan ezik. Ohiko ibilbidean aldaketa txiki batzuk egin ditugu, adi mesedez seinaleztapenari. Hemen dituzue ibilbidearen inguruko ohar batzuk:
 

  • Irteera Ardantzako babes ofizialeko etxeetatik zehar, trenbide gaineko pasealekutik egingo da Berdintasunaren pasealekutik Olarreagaraino.
  • Egoarbitzarako igoera Ibur Erreka poligonoaren hondotik egingo da SEURen bulegoen ondoren dagoen hesia gurutzatuz.
  • Egoarbitzatik Karabieta gainerako azken zatia mendiz egingo da eta ez errepidez.
  • Azkonabitzatik jaisten hasi eta berehala ezkerretan basoan zehar doan bidetik joango da bidea.
  • Azkonabitzatik Galdaramiñora Asurtzamendi igota egingo da bidea.
  • Galdaramiñotik Asurtzara bide berria erabiliko dugu: Galdaramiñoko buzoiraino igo eta beherantz beste aldera jarraitu Unbe alderantz jaitsiz. Ondoren bideak eskumara egingo du basoan zehar Asurtzarantz joateko.
  • Azitaindik Arrateko pausoen bidera joateko, La Salle ikastetxera eta Azitain industrialdera joateko errepide gaineko pasabidetik egingo da.
  • Kalamuatik beherako jaitsiera Parlamentutik zehar egingo da.
  • Urkotik azken jaitsiera Elorretatik zehar Lindariraino egingo da eta handik Amañako eskoletara.

Ibilbide osoa eta GPS tracka jarraian dituzue eta Wikilocen ere lortu dezakezue.


Guztion artean egun zoragarri bat igaroko dugu, ziur gaude.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude