Soka-dantza Santa Kurutzen 2013

Baserritar gazte belaunaldi berri bat loratu da Santa Kurutz ermitaren inguruetan. Batez ere Mandiola eta Gorostako baserrietan hazitako gazteak dira, Santa Kurutzeko festak antolatzekon testigua hartu, eta beraien bizi-pozakin kutsatu dituztenak. Emilio Azurmendi Sagarbitzaren hutsuneak markatu ditu aurtengo festak, baina belaunaldi berriaren festa-gogoak poza ekarri du Santa Kurutzera.

2013-05-05_Santa-Kurutz-soka-dantza_IZ_6586

Irati Kortabitarte eta Ane Sarasketa aurresku eta atzesku lanetan, eta Esther Kareaga eta Ainhoa Larrañaga zerbitzari lanetan, inguruko baserritarrek, emakumeek osatu dute soka ermita aurrean. Usartzarko txistularien doinura etorri dira desafioa, lehen gizonaren plazaratzea, kontrapasa, agurra, aita-san migel. Lehen zubiaren ondoren, Alberto Sarasketa “Azpiri” atera dute zelaira eta alabak dantzatu dio agurra.

2013-05-05_Santa-Kurutz-soka-dantza_IZ_6652

Bigarren zubia eta bigarren desafioaren ondoren iritsi dira fandangoa, arin-arin eta kalejira. Dantzarako baino iheserako hanka arinagoak dituela erakutsi du mutilen batek, baina gainontzekoek onenak emanda erantzun diote emakumeen gonbiteari eta dantza soltean haiekin aritzeko erronkari.

2013-05-05_Santa-Kurutz-soka-dantza_IZ_6693

Dantza osteko txorizo, odoloste eta gaztaiek ondo baino hobeto berdindu dituzte dantzak egindako hutsuneak.

Dantza Coliseoan: Argia: Besta Berri

Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, eta Argia, Duguna, Maritzuli, Haritz, Gure-Kai, Xinkako, Ezpelur eta Kezka dantza taldeetako dantzari eta musikariekin, iritsiko da Eibarrera Besta Berri ikuskizuna. Corpus Christiren inguruko festetan inspiratuta, hiru piezak osatutako emanaldia prestatu du Argiak.

Eibarko Euskal Jaiaren egitarauan eta Eibarko Udalak antolatuta eskainiko da Coliseo antzokian Bilboko Arriaga antzokian estreinatu ondoren. Ekainaren 9an Donostian, Victoria Eugenia antzokian izango da Besta Berri.

2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2474

Kezka dantza taldeko Irati Kortabitarte, Olaia Gabirondo, Luken Aranburu, Unai Txurruka, Egoitz Blanco, Ander Garitagoitia, Oier Araolaza, Maider Otaola, Enrike Izagirre, Ainhoa Larrañaga, Josu Garate eta Aiert Ibarbia dantzariak parte hartzen dute Besta Berri ikuskizunean.

Corpus Christi

Corpus Christi festa Urbano IVak ezarri zuen 1264an, eta indar harrigarriz zabaldu eta errotu zen Europako mendebaldeko festa egutegian. Gorpuzti eguneko prozesio eta erritualak iruditeria eta dantza agerraldi ederrenen erakusleku izan dira hainbat mendez. Corpus festarengandik egun gutxira, ekainaren 24an San Joan Bataiatzailearen inguruan ospatzen diren solstizioaren inguruko jaiekin lotura egiten du Besta Berrik. Bi horiek, Corpus eta San Joan, ardatz hartuta prestatu du Juan Antonio Urbeltzek Besta Berri ikuskizun berria.

2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2405

Ikuskizunaren abiapuntua XVII. mendeko ezpata-dantzaren oroitzapenean aurkitzen da. 1659ko maiatzean, Maria Teresa Austriakoa eta Luis XIVaren arteko ezkontza zela eta Donostian egindako festa eta ezpata-dantzen testigantzak oinarri hartuta abiatzen da Besta Berri.

Muriska

Ondoren, Lapurdi eta Nafarroa Behereko prozesio segizioak, Oteizaren Apostoluen aurreskua, eta Zuberoako herri antzerkian inspiratutako Turko eta Kristauen arteko Pastoralak osatuko dute egitaraua. Azken hau, Muriska, 1989an estreinatutako lana eta Argia taldearen ibilbidean mugarri dena, ia hogeitabost urte ondoren eszenaratuko da berriz.

Argia: Besta Berri
2013ko maiatzak 18, larunbata, 20:00etan
Eibar, Coliseo antzokia
Sarrera: 10 €  - Sarrerak salgai Kutxabank-en eta Coliseoko txarteldegian Astelehenetan (19:00-20:00) eta ostiraletan (21:00-22:00).

Argia Besta-Berri-kartela

Emilio Azurmendi Sagarbitza, dantzarion laguna

Emilio Azurmendi “Sagarbitza” hil da bart 76 urterekin. Gorosta bailarako Sagarbitza baserriko gizona, Eibarko baserrien alde, eta Arrate, Santa Kurutz eta inguruetako festak bultzatzen lan itzela egindakoa da. Orain hilabete pasa bere baserrian izan ginen, koko-dantzekin. Osasunez justu zegoen, baina hala ere umorea izan zuen gurekin karnabalak ospatzeko, eta beti erakutsi zuen jarrea atseginarekin gure barrabaskeriei barre egiteko.

2013-02-02_Koko-dantzak_FL_4162-rek

Santa Kurutzeko festen antolaketan, Arrateko jaietan, beti lanean eta laguntzeko prest aurkitu izan dugu Sagarbitza. Mila esker Emilio!

2006-05-07_Santa-Kurutz-138

2006-09-10_Arrate_Kofrad-AL 030

Fernando Retolazak Emilio Azurmendi gogoan honako bideoa prestatu du aurtengo Koko-dantzene ta Sagarbitzarako bisitako irudiekin.

 

 

Koko-dantzak 2013: otsailaren 2an Eibarren eta 9an Elgoibarren

Datorren otsailaren 2an, larunbatean izango ditugu koko-eskea eta koko-dantzak Eibarren. Inauteriak ate joka ditugu! Iazko koko-eskea zuria izan zen, zalantzarik gabe, hotza baina argazkietarako polita!

2012-02-04_Koko-dantzak_FL_7287

2013ko aratusteei begira, azken asteotan koko-dantzen ensaioetan buru-belarri dihardugu, 2013-01-10_Koko-dantzen-ensaioa-Portalean_21.15.47 eta aurreko batean Toribio Etxeberriaren aipu batekin gogoratu ginen:

Aratostietarako, makilla-dantzia ikasten dabiz gazte mordo bat

Polita iruditu zitzaigun konturatzea, 80 (?) urte beranduago, Eibarren, gazte mordo bat, aratostietarako makilla-dantzia ikasten dabillela. (Bide batez, makilla-dantzia, makila-ren ‘a’ organiko hori galdu gabe erabiltzen zuen Etxeberriak, eta orain badirudi, galgarria edo mugatzailea dela ‘a’ hori gehienetan makil-dantza irakurtzen baitugu han eta hemen.)

2013-01-10_Koko-dantzen-ensaioa-Portalean_21.19.53

Mandiola eta Gorosta

Mandiola eta Gorosta aldean ibiliko dira aurten koko-dantzak. Azitain eta Matsariako industria-guneen artean dauden baserrietan ibiliko gara goiz partean, Eskaregi, Agarre, Azaldegi, Nagiorbe, Azpiri, Arlaban, Asolagaineko eta abar, Mandiolara iritsi arte. Hortik gora jarraituko dugu, Santa Kurutz aldera, eta inguruan dira Iturrao, Gisasola eta abarretara. Arraterako errepidetik joanda dauden baserrietara ere joateko asmotan gara: Miraflores aldekoak, Iturburu gaineko Amezabalegi aldekoak, Pagaegi ingurukoak, Ixua, Usartza eta Akondia, Pagola, Altzaga eta Berretxinak.

2013-01-13_Koko-eske-prestatzeko-baserrien-buelta_13.16.20_r

Guztira 30 baserri inguru izango dira, eta bi taldetan antolatuko dira koko-dantzari eta koko-marruak, denetara ilundu aurretik iritsi ahal izateko. Talde batek, ia ibilbide osoa oinez egingo du. Bi taldeen artean 50 lagun inguru ibiliko dira baserriz baserri koko-dantzan eta koko-eskean.

Iluntzean, Eibarko kaleetan

Arratsaldean, 19:00etan elkartuko dira koko-dantzari eta koko-marru guztiak Anbulategi aurreko parkean. Bertan, Mauxitxa txaranga izango dugu zain, eta baserrietan ibili direnez gain beste hainbat koko-marru, masusta eta koko-moko elkartuko zaizkigu. Izan ere, iluntzeko deialdia irekia da, edonork parte hartu dezakegu, eta Kezkatik nahi duten guztiak gonbidatu  nahi ditugu koko-jantzi eta inauteriaz eta festaz gozatzera.

2012-02-04_Koko-dantzak_FL_7313

Koko-dantzak, herriko kaleetan, otsailaren 2an, arratsaldeko 19.00etatik 21.00etara izango dira. Toribio Etxeberria, Zuloagatarren, Untzaga eta Fermin Kalbeton kaleetan ibiliko gara. Beraz:

Koko-dantzak Eibarko kaleetan

  • Otsailak 2, larunbata
  • 19:00etan Anbulategiko parkean


Nahi duten guztientzat ensaio irekiak

Koko-dantzetako iluntzeko kalejiran parte hartzera animatzen diren guztientzat bi ensaio ireki egingo dira datozen bi asteetan. Ensaio horietan koko-dantza ikasi eta koko-jantziari buruzko laguntza eskainiko dugu. Bi data hauek dira horretarako: urtarrilak 22 eta urtarrilak 29, biak astearteak, eta arratsaldeko 20:00etan Portalea Kultur Etxeko hirugarren solairuan, dantza gelan.

Kaleko koko-dantzetan parte hartzeko entsegu irekiak:

  • Urtarrilak 22, asteartea, 20:00etan
  • Urtarrilak 29, asteartea, 20:00etan
  • Tokia: Portalea Kultur etxeko dantza-gelan (3. solairuan).

Edozein zalantza izanez kezka@dantzan.com helbidera idatzi dezakezu edo deitu 943 53 04 40 tfnora.

2013-01-10_Koko-dantzen-ensaioa-Portalean_21.17.55

Koko-dantzak Elgoibarrera

Aurten, Elgoibarko Haritz dantzari taldearen 40. urteurrena dela eta, koko-dantzak Elgoibarko kaleetan eskainiko dira. Kezkako taldetxo batek parte hartuko du bertan, baina batez ere Haritz dantzari taldeko dantzariek gorpuztuko dituzte koko-dantzari eta koko-marru gehienak, eta Eibarren bezala, Mauxitxa txaranga izango Elgoibarren koko-dantzei musika jarriz. Otsailaren 9an, larunbatean, arratsaldeko 19.00etatik aurrera izango dira koko-dantzak Elgoibarren.

Koko-dantzak Elgoibarren

  • Otsailaren 9an, larunbata, 19:00etan

2012-02-04_Koko-dantzak_IZ_IMG_9962

Ezpalak 2012 Kezka: zinta-dantza

Ezpalak 2012 jaialdiaren bukaera Eibarren. Zinta-dantzen nazioarteko jaialdia bukatzeko zinta-dantza handi bat dantzatu zuen Kezka dantza taldeak. 180 dantzari, 9 metroko alturako makila, 1,6 km zintatan. Doinua, Sasikopaitsu biribilketa da, Adolfo Jainaga soinuarekin, Inma Albizu panderoarekin. Zinten korapiloa oraindik askatu ezinda gaude.

Irudiak: Eire Vila. Ezpalak, dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia, Eibarren, 2012-05-27.

Gorpuzti eguneko liturjia koreografikoa Arriaga antzokian

Herensuge eta ezpata-dantzarekin hasi, Besta Berri eta Corpus Christiren dantza koloretsuekin segi, eta pastoralean inspiratutako auto sakramentalarekin bukatuta, gorpuzti egunaren inguruko liturjia koreografikoak bete du Arriaga antzokiko eszenatokia bart, Juan Antonio Urbeltz eta Argia dantzari taldearen Besta Berri ikuskizunaren estreinaldian.

Argia, Duguna, Haritz, Xinkako, Maritzuli eta Kezkako dantzariak aritu gara bertan. Kezka dantza taldetik: Irati Kortabitarte, Ainhoa Larrañaga, Oihane Llorente, Maider Otaola, Nagore Fernandez, Olaia Gabirondo, Josu Garate, Enrike Izagirre, Aiert Ibarbia, Luken Aranburu,  Unai Txurruka, Egoitz Blanco, Ander Garitagoitia eta Oier Araolaza.

Hona Iñaki Zugastik egindako argazkien aurrerapen bat:

2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2359 2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2405 2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2474 2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2593 2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2684 2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2735 2012-12-02_Besta-Berri-Arriaga_IZ_lehen-sorta_2910

Besta Berriren estreinaldia prentsan:

Hogei plazara dantzara?

Datorren ostiralean, azaroak 30, San Andres eguna, eta ohi bezala, Plazara Dantzara erromeria Untzaga plazan, Kezkako dantza eskolako ikasle guztiekin eta Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin.

Jainagak aipatu zigun aurrekoan, ea datorren urtean hogei urte ote diren Plazara Dantzararekin hasi ginela. Paperetan begira hasi, eta hor ageri da, 1993an hasi ginela Elgoibarko Haritz, Debako Gure-Kai eta Eibarko Kezkaren artean neguko erromerien zirkuitoa egiten: San Andres Eibarren, Gabon Zahar Elgoibarren, Soro Feria Deban.

2011-11-30_SanAndresak-IZ-IMG_7471

Datorren urtean hogei urte izango dira, 1993tik 2013ra, baina urteurrenekin nola kontatzen den begiratu behar izaten da, eta 1993an lehenengoa egin bagenuen 2012an hogeigarrena egingo dugu, ez? Hogei Plazara Dantzara orduan? Tira…. urte batzuetan, ez euriagatik, ez, erauntsiagatik bertan behera geratu zela kontuan hartuta… Hogei saiakera egin ditugu, baina hogei Plazara Dantzara ez… Eta ezta asko ajola ere. Unean unekoa dantzatu eta horixe gozatu!

Plazara Dantzara erromeria
2012ko azaroak 30, 12:30ean
Eibarko Untzaga plazan

  • Kezka dantza taldea
  • Jainaga eta Narbaiza
  • Dantzara animatzen zareten guztiak

Besta Berri ikuskizunaren estreinaldia Bilboko Arriaga antzokian

Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, Argia dantzari taldeak ikuskizun berria estreinatuko du igandean, abenduaren 2an, Bilbon, Arriaga antzokian. Azken urteotako lankidetzarekin jarraituz, bertan izango dira Kezka dantza taldeko hainbat dantzari ere.

Corpus Christi festaren inguruan osatu du ikuskizun berria Juan Antonio Urbeltz-ek. Iparraldean, Gorpuzti eguneko ospakizunek Besta Berri izenarekin ezagutzen dira, eta gai nagusi horren inguruan hiru pieza koreografiko harilkatu ditu Argia taldeko zuzendariak. Hirugarrena, Muriska izenekoa, 1988. urtean estreinatu zuen Argia dantzari taldeak, eta talde honen ibilbidean mugarria izan da. Zortziko eta Alakiketan ikuskizunetan eskaini zen hainbat urtez Muriska, eta 1994an eskaini zen azken aldiz. Ia hogei urteren buruan, berriz ere eszenaratuko da Zuberoako pastoraletan inspiratutako lan koreografikoa.

Argia, Duguna, Haritz, Maritzuli eta Kezka dantza taldeetako hirurogehi dantzari eta dozena bat musikarik osatzen dute ikuskizunaren gorputza.

2012-11-24_Besta-Berri-ensaioa_OA_1860_r

Besta Berri

Bilbo, Arriaga antzokia
2012ko abenduak 2, igandea, 19:00etan

Dantza Coliseoan: Maritzuli: Ixtorio Mixtorio

Maritzuli: Ixtorio Mixtorio
2012ko azaroak 10, larunbata, 17:00etan

Haur folklorearen mundura bidaia harrigarria da Ixtorio Mixtorio, umeek beraiek protagonizatuta gainera. Umeak, helduen teknika eta birtusiosismo imitazioak egiten saiatu gabe, dantzaren eta musikaren oinarrietara jo eta graziaz eta erritmoz betetako emanaldia osatzen dute. Tradizioaren aurkezpen aberatsa, jantzien edertasuna eta umeen espontaneitatea elkartzen dira Ixtorio Mixtorion.

2012-05-05_Ixtorio-Mixtorio_IZ_IMG_2548-rek

Claude eta Jon Iruretagoienaren zuzendaritzapean, euskal dantza tradizionalaren mundu harrigarrian barrena bidaia hunkigarria planteatzen du Maritzulik ikuskizun honetan. Lapurdiko Maritzuli eta Xinkako dantza taldeak, eta Behobiako Eraiki dantza taldeak osatzen dute Ixtorio Mixtorio ikuskizuna. 1996an estreinatu zen Ixtorio Mixtorio, eta 16 urte ondoren, bere garaian arrakasta handia izan zuen ikuskizuna berrituta aurkeztu du Maritzulik.

2012-05-05_Ixtorio-Mixtorio_IZ_IMG_2665
2012-05-05_Ixtorio-Mixtorio_IZ_IMG_2534

Umeekin dantza tradizionala lantzeko eredu berri bat plazaratu zuen Claude Iruretagoienak Ixtorio Mixtorio ikuskizuna. Lau urrats eta kitto! deitzen diote lan egiteko eredu horri, eta funtsean oinarrietara jotzeko deia da. Lau urratsekin euskal tradizio koreografikoaren zati eder bat dantzatu eta gozatu baitezakete umeek. Urrats horiek ikasiz eta bakoitzarekin egin daitezkeen dantzak jorratuz eta euskal folklorearen aberastasuna landuz osatutako ikuskizuna da Ixtorio Mixtorio.

2012-05-05_Ixtorio-Mixtorio_IZ_IMG_2570

Maritzuli: Ixtorio Mixtorio
2012ko azaroak 10, larunbata, 17:00etan
Eibar, Coliseo antzokia
Sarrera: 5

Makilak hartuta Ezpeletara goaz

Asteburu honetan Herri Uzta jaialdia ospatuko da Lapurdin, Herri Soinu elkarteak antolatuta eta Iparraldeko Dantzarien Biltzarrarekin. Ostirala, larunbat eta igandean, dantza ekitaldi ugari izango dira Ezpeletan, Luhuson eta Arrangoitzen. Larunbatean, Ezpeletan, Euskal Herriko makila-dantzen erakustaldia egingo da, eta bertan izango da Kezka dantza taldea.

Kezkak Gipuzkoako makil-txikiekikoa, Arrateko makila txikiena eta koko-dantzetako makila-dantza eskainiko ditu. Kortes eta Otsagabiako dantzariak izango dira bertan, Gasteizko Indarra dantza taldekoak, Iurretako Mikel Deuna, Itsasuko Ataitze, eta Zuberoako dantzariak ere bai, bakoitzak bere inguruko makila-dantzak eskainiz.