Torredembarrako Ball de Pastorets-arren 10. urteurrena ospatzeko festan izan gara Tarragona aldean. Uztailaren 10-11 astebururako antolatu zituzten urteurren ekitaldiak, tartean larunbatean, 10ean, Ball de Pastorets-en trovada edo biltzarra. Harrera beroa egin zigun Torredembarrak zentzu guztietan. Bertakoak abegikor, oporreterako toki ederra, dantzarako zein festarako antolaketa dotorea, eta eguraldia ere bero-beroa. Agrupació de Balls Populars de Torredembarra elkarteak antolatu zuen jaialdia. Elkarte horretan baitan bastonersak, pastorets, zaldikoak, erraldoiak, eta abar biltzen dira, eta pastorets-en urteurrena antolatzeko laguntzen aritu ziren gainontzeko kideak. Ostiral gauean iritsi ginen Torredembarrara, eta larunbat goizean hondartzan eta herria ezagutzen pasa ondoren, larunbat arratsaldean izan genuen emanaldi nagusia. Kataluniako pastorets talde esanguratsu batzuk bildu ziren ekitaldian:
Ball de Pastorets (Vendrell)
Ball de Pastorets (Tarragona)
Ball de Pastorets (Vilafranca del Penedès)
Ball de Pastorets (Vilanova i la Geltrú)
Horiekin batera herrikoak eta kanpoko ordezkari moduan Eibarko kezka dantza taldea:
Ball de pastorets (Torredembarra)
Kezka Dantza Taldea (Eibar)
Kalejiran ibili ginen talde guztiak, Torredembarrako kale nagusian barrena, dantza laburrak eginez geldialdietan. Gaztelu plazara (plaça del Castell) iritsi ginenean talde bakoitzak emanaldi bat eskaini genuen. Ball de Pastorets eta ezpata-dantzen arteko loturak ikusteko aukera izan genuen bertan. Artzain-en dantzak dira hitz-hitz Ball de pastorets-ak, eta makila luze batzuk darabiltzate dantzarako. Makila horiek elkar jotzen dituzte une batzuetan, baina ondoren elkarri eman, eta arrosa edo parrillak osatzen dituzte eta haien gainean igotze da dantzarietako bat. Goian dagoena "biba" batzuk bota ohi ditu. Ondoren, behera jaitsita ganbarako arkua egiten da, Gipuzkoako ezpata-dantzan egiten diren ohorezko arkuak bezala. Talde guztiek bere emanaldia egin ondoren, talde guztiak batera atera ginen plazara eta denok arrosa egin eta dantzari bat igo genuen gainera. Ondoren zubiak egin genituen eta elkarren zubietatik pasa ginen. Gaztelu plaza ederrean izan zen emanaldia. Ondoren afaria eta festak jarraitu zuen, eta biharamunean ardi-zakur lehiaketa ikusteko parada izan genuen.
Kataluinako telebista lokalen sare batean erreportaje zabala eskaini zioten Torredembarrako Ball de Pastorets-en jaialdiari.
San Juan eguna Eibarren, eta ohi bezala soka-dantza gaueko 23.30etan Untzaga Plazan. Aurten hiru elkarte izan ditugu ohorezko gonbidatuak soka-dantzan: Juan Antonio Mogel Ikastola, Musika Eskolako koro gaztea eta Usartza txistulari taldea.
Josu Garatek egin ditu aurreskulari lanak eta Enrike Izagirrek atzeskuarenak. Ohi bezala plaza jendez beteta, eta gau giro bikainean joan zen dantza. Hona Iñaki Zugastik egindako argazki batzuk:
Tarragona aldera, Torredembarrara hain zuzen ere, goaz asteburuan dantza egitera. Bertako Ball de Pastorets taldeak 10 urte betetzen ditu eta hori ospatzeko ekitaldi sorta prestatu du astebururako.
Kataluniako Ball de Pastorets desberdinen bilkura ospatuko da uztailaren 10ean, larunbatean, arratsaldeko 18:00etan Torredembarran, eta Arrateko ezpata-dantza gonbidatu berezia izango bertan. Honako talde hauek izango gara ekitaldian:
Ball de Pastorets del Vendrell
Ball de Pastorets de Tarragona
Ball de Pastorets de Vilafranca del Penedès
Ball de Pastorets de Vilanova i la Geltrú
Kezka dantza taldea, Eibar
Ball de Pastorets de Torredembarra
Ball de Pastorets-ek "artzainen dantza" esan nahi du, eta makil handi batzuekin egiten den dantza da. Makilak elkarri eman eta ezpata-dantzetako figurak osatzen dituzte: ganbarak, arrosak, e.a. Ondorioz, Arrateko ezpata-dantzaren antzeko egiturak egingo dituzte pastorets-ek Torredembarran. Aipatzekoa da Vendrell-eko ball de patorets-a Beasainen izan zela iaz, Igartzako ezpata-dantzarekin batera dantza egiten, eta laster itzuliko diete bisita goierritarrek.
Dantza eskolaren ikasturte bukaerako jaiak bat egiten du dantza taldeak mimoz prestatutako emanaldiarekin, eta San Juan jaien bezpera usaina tartean dela, guzti horrek bat egiten du Eibarko Dantzari Egunarekin. Ekainaren 18an egin dugu aurtengo ekitaldia.
Otsagabiako dantzekin hasi genuen jaialdia. Usartza txistulari taldeko lagunak aspaldiko partez dultzainari hautsa kendu eta lanean jarri ditugu. Lizarrako gaitarien laguntzarekin egunatu dute jotzeko modua eta gaita hotsarekin hasi zen dantza saioa. Dantzariok ere izan dugu lan apur bat. Batzuk ikasten eta besteak sortzen zihoazen zalantzak argitzen. Otsagabiako dantzak prestatzeko Jokin Otamendiren laguntza izan dugu, eta zalantza batzuk argitzeko Fernando Aristizabal eta Jexux Larrearen aholkuak izan ditugu. Arantza eta Maikak izan dute lan apur bat jantziak atontzen. Mila esker deneri! Sorta osoa ikasten aritu bagara ere, azkenean emanaldia gehiegi ez luzatzeko paseoa, emperadorea, katxutxa, jota eta pañuelo dantza egin genituen.
Umeen txanda izan zen segidan. Horiekin lanean aritzen diren irakasleei zorionak!
Gaztetxoenek egindako dantzen artean atentzioa deitu zuen neska talde batek egindako dantza. Sarian Zunzun izan zen, Beasaingo Aurtzaka dantza taldeko Mikel Sarriegi birsortutakoa, Aitor Furundarenak moldatu eta sortutako doinuekin, eta Mikel beraren laguntzarekin prestatu duguna. Mila esker Mikel!
Musika alorrean, fin-fin aritu ziren Kezkako txistulariak: Andoni Altzibar, Roberto Altzerreka, Amaia Baglieto eta atabalarekin Iñaki Barua. Soinu txikiarekin Adolfo Jainaga eta panderoarekin Unai Narbaiza.
Azkenik, Iribasko ingurutxoa eta Imotz-eko esku-dantza eskaini genituen saioa osatzeko. Urte asko generamatzan Iribasko ingurutxoa dantzatu gabe, eta bidean maiz zalantzak eta aldaketak gertatzen direnez jatorrizko maisuengan jo dugu. Nafarroako Larraul bailaran, 1936ko gerra ondoren, bertan behera utzi zen ingurutxoa dantzatzeko ohitura. 1969. urtean Argia dantzari taldeko Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi Iribas-era joan 30 urte lo zeraman ingurutxoa ikasi zuten Juan Bautista Lasarte-rekin. Emanaldietarako, Imotz herriko esku-dantza gehitu zion Urbeltzek. Kezka dantza taldeak 1973an dantzatu zuen lehen aldiz Iribasko ingurutxoa. Orain, emanaldi hau prestatzeko, berriz ere Argiako maisuengana jo dugu, eta Juan Antonio Urbeltz, Marian Arregi, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea, Jokin Otamendi eta Itziar Otamendiren aholkuekin prestatu dugu. Eskerrikasko denoi!
Aurten ere komunikabideek interesa erakutsi dute Euskal Jaian ospatzen dugun Ezpalak jaialdiarekin, eta hainbat egunkari, irrati eta telebistatan agertu dira jaialdiaren inguruko kontuak. Euskadi Irratian eta Onda Vascan elkarrizketak egin ditugu, eta TeleNavarrak Iruñeko emanaldiari buruzko erreportajea eskaini zuen bere albistegian.
Bestalde, Goitb telebistak GipuzkoaKulturarentzat Ezpalak jaialdiaren inguruko 30 minutuko erreportajea prestatu du. Eibarren ospatutako Jaialdiaren irudiekin batera Juan Antonio Urbeltz, Claude Iruretagoiena, Patxi Laborda, Patxi Larralde eta Oier Araolazaren hitzak jaso dituzte.
Mutxikoak, azkaindarrak, bilantziko, mando zaharraine, lakartarrak, le monein, marmutx, xinple, gabota, branlea,...Erdizka, zote, dobla, pika, biga, ebats, eta hiru, ezker, eskuin, aitzina... Dantza-jauzi faltan ez ginen izan behintzat. Dantzari saiatuak, dantza-maisu jakitunak, musikari bikainak... dantzarako gogoa bazen eta dantza-jauzi faltagatik ez zen inor kexatuko behintzat. Dantzatu genuen eta gozate genuen.
Euria ohi bezala hurbil izan genuen, baina oraingoan ez gintuen urduri jarri, eta langar tanto batzuk Untzaga plazan utzita aurrera egin zuten hodeiek. Ez genuekan astirik euritarako, dantzarako geunden zita eginda.
Ezpalak, nazioarteko dantza tradizionalaren jaialdian dantza-jauziak izan ditugu ardatz. Larunbatean Iruñeko emanaldian lehen saioa eginda, igandean dantzariak mutxikoetan jarraitzeko asmoz bildu ginen Eibarren.
Kezka dantza taldeko dantzari eta dantza eskolako ikasleek ireki zuten plaza. Uztaritzeko inauterietako bi pieza, marmutx eta xinple, eta zapatain dantza ofizio-dantza egin zituzten dantzari heldu eta gaztetxoek. Andoni Altzibar, Roberto Altzerreka, Iñaki Barua eta Garikoitz Otamendi arduratu ziren musikaz.
Baztandarrek hartu zuten txanda segidan. Ohi bezala Aunitz urtez-ekin plazaratu ziren eta agurtu zituzten ikusleak. Patxi Larraldek, txistua eta ttun-ttunarekin plazaren erditik gidatu zuen dantza, eta Rafa Baron dantzaren buru zela zazpi jauzi zaharra eta mutxikoak dantzatu zituzten baztango dantzariek. Ez dira talde antolatua, jaialdirako elkartu diren mutil-dantzen multzo bat baizik. Baztango zortzikoarekin atera ziren plazatik baztandarrak ikusleen txalo zaparrada artean.
Argia dantzari taldea plazaratu zen segidan. Taldeko dantza-maisuak izan ziren Untzagako plazan. Juan Antonio Urbeltz buru zutela, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Claude Iruretagoienak bi jauzi eman zituzten zuberoako dantzakeran: Aitzina pika edo marianak eta ostalertsa, bai karaktere dotorez eman ere. Marian Arregi, Mikel Urbeltz eta Arantzazu Mujikak jarri zioten doinua dantzei, eta bai eder jarri ere.
Biarnotik, Jean Luc Mongaugek musika eta dantza maite duten lagun taldea ekarri zuen Ezpalak jaialdira. Ossau haranean Sauts Basques izenekoak egiten dituzte, alegia, euskal jauziak, eta horietako batzuk dantzatu zituzten Eibarren: la crabo, le munein eta le moutchicou hain zuzen ere. Aipagarria mutil-dantzariek eta iparraldeko dantzari zaharrek darabilten suspentsio bikoitzarekin dantzatzen dutela biarnoarrek, eta interesgarria izan zen ikustea, dantzari batzuk aldian behin beren buruaren inguruan biratzen zutela besteek ohiko urratsekin jarraitzen zuten bitartean.
Biarnoarrek plaza utzita, Aiko taldea eta Maritzuli konpainiaren txanda iritsi zen. Azkaindarrak dantzatu zuten lehenik Beteluk irakatsitako Lapurdiko dantza-moldean eta Alvaro Garciaren kitarraren doinura. Ondoren, lakartarrak eta ahuntxa egin zituzten, desafio erara dantzatuta. Maritzuli eta Kezkako dantzarien artean Amikuzeko gabota egin zuten eta mutxikoak egin zituzten segidan.Azken honetan, Claude Iruretagoiena eta Patxi Labordak dantza-jauziak dantzatzeko izan diren beste eredu eta estilo batzuk erakutsi zituzten.
Dantza-jauzien erakustaldia bukatzeko, baztandarrak eta Kezka taldeko dantzariek añuar ttipia dantzatu zuten Aiko taldearen doinura. Batzuk mutil-dantza erara eta besteak jauzi erara, aritu ziren dantza bera egiten.
Taldeen erakustaldia bukatuta, plaza ireki eta ikusleek ere jauziak egiteko aukera izan zuten. Patxi Larraldek bilantziko txiki, bilantziko zaharra, zahar-dantza eta mando zaharraine jo eta denek dantzatu zituzten, eta segidan Aiko taldeak hainbat jauzi jo zituen, Patxi Labordaren gidaritzapean denok dantzatu ahal izateko moduan: lapurtar motxak, mutxikoak, tellagorri, branlea,...
Bazkalostean, dantzaldiak jarraitu zuen Aiko taldearekin, jota, pasodoble, jauzi eta ingurutxoak tartekatuz. Aurtengo ezpalak jaialdia bukatu da, baina jauziak dantzatzeko gogoa piztu zaionak badu aukera aparta, datorren ekainaren 12an, Aiko taldeak Urraska, dantza-jauzien inguruan prestatu duen CD eta liburua aurkeztu, eta dantzatzeko aukera eskainiko baitu Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Lauetan erdizka!!!
Ahal izanez gero maiatzeko azken asteburuan ospatzen da Euskal Jaia Eibarren, eta aurten ere horrela egokitu da. Orain urte batzuk Ezpalak, dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen hasi ginen Euskal Jaiaren baitan, eta aurten bosgarren edizioa egingo du jaialdiak. Ohi bezala, Iruñeko Duguna taldearekin batera antolatzen dugu Ezpalak, eta larunbatean, maiatzaren 29an, Iruñean izango dira dantza saioak eta igandean, maiatzaren 30ean Eibarren.
Ezpata-dantzak, makila-dantzak, arku-dantzak eta karaktere dantzak izan ditugu aurreko urteetako gaiak, eta 2010ean dantza-jauzien inguruan atondu dugu jaialdia. Biarno, Baztan, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako dantzakerak ekarriko ditu Ezpalak jaialdiak Eibarko untzaga plazara.
Maritzuli konpainia, Argia dantzari taldea, Baztandarrak, Biarnoko Ossau bailarako musikari eta dantzariak eta Aiko taldea izango dira Eibarko jaialdian. Etxekook, Kezkak, hiru jauzi, hiru jolas egingo ditugu: marmutx, xinple eta zapatain-dantza.
Taldeen emanaldia bukatuta dantzaldia ireki eta Aiko taldeak dantza-jauziak jotzen jarraituko du, nahi duten guztiek dantzatu eta gozatzen jarrai dezaten. Jauzien inguruko Urraska lana egin berri du Aikok, eta ekainean aurkeztuko du Durangon, baina horren aurrerapentxo bat dantzatu ahal izango dugu Ezpalak jaialdian.
Ezpalak dantza-jauzien jaialdiaren egitaraua
Maiatzak 29, larunbata, Iruñea
17:30 Kalejira alde zaharreko karriketan barna
18:00 Ezpalak, dantza-jauzien nazioarteko jaialdia Burgoen plazan. Euskal Herriko eta atzerriko dantzen erakustaldia: